Ia milioi bat euro Okendo Almiranteen eta Orreagako Guduaren kaleak humanizatzeko
Bilboko Udalak 958.167,67 euroko aurrekontua bideratu egin du Uribarriko Okendo Almiranteen eta Orreagako Guduaren kaleak eta haien ingurunea hobetzeko eta humanizatzeko. Lan horiekin aurrera darrai Udala 2. barrutia hobetzeko erronkan.
Hiri-berrikuntzara bideratutako esku-hartze horrek 4.200 m2-ko eremua hartzen du; zenbait kale, alegia. Hala, Okendo Almiranteen eta Orreagako Guduaren kaleak erabat berritzeaz gain, beste kale hauetan ere izango dira lanak: Calixto Leguina kalea, Trauko kalea, Arno Mendiaren kalea –Calixto Leguinatik Traukora– eta Izaro Mendiaren kalea –eskoletatik eta Traukora–.
Obrak honako hauek barne hartzen ditu: espaloiak handitzea, eskailerak eta barandak berritzea –irisgarritasunari buruzko araudia betetzen ez den lekuetan–, zintarriak eta ur-erretenak ordeztea, asfaltoa konpontzea, bide-zoruak eta zoladurak berritzea, euri-uren kanalizazio berriak egitea, saneamendua... Gainera, ibilgailuen zirkulazioa berrantolatuko da, oinezkoen ibilbideak sortzeko eta berdegune eta landare-eremu gehiago jartzeko. Guztira, 18 zuhaitz irabaziko ditu eremuak.
Horrekin guztiarekin, Udalak bi helburu lortu nahi ditu: Trauko kaleko merkataritza-ardatza sendotzea eta eskolen eta Etxebarria parkearen arteko lotura hobetzea.
Traukoko merkataritza-ardatza sendotzea
Helburu hori lortzeko, jarduera hauek planteatu dira, besteak beste:
- Errodadura-geruza zabaltzea Arno Mendiaren kaleko galtzadan.
- Espaloiak zabaltzea, 2 metroko pasabide librea lortu arte.
- Eskailerak egokitzea, irisgarritasun-araudia betetzeko.
- Zabor-edukiontziak birkokatzea, ez dadin oztopo bisualik egon Trauko kaleko oinezkoentzako gunearen hasieran.
- Zuhaitz gehiago landatzea.
Eskolen eta Etxebarria parkearen arteko lotura hobetzea
Orreagako Guduaren kalea oinezkoentzat izango da oso-osorik, eta horrela bermatu egingo da ez dagoela ibilgailurik eskolara bidean. Hala, pasatzeko baimena dutenak, udal-zerbitzuak eta larrialdi-zerbitzuak bakarrik sartu ahalko dira kale horretan.
Kale hori zuhaixka-landarez hornituko da luzetara, eta bankuak eta zuhaitzak jarriko dira bi muturretan.
Aldiz, Izaro Mendiaren kalea oinezkoentzat izango da partzialki, eskolekin muga egiten duen tartean. Era berean, zuhaitzak jarriko dira jardinera zirkularretan, bi funtziorekin: bankua izatea eta egoteko gunea izatea.
Horren ondorioz, Okendo Almiranteen kalean ‘u’ itxurako bira bat diseinatuko da ibilgailuen trafikoa desbideratzeko.