Síguenos en redes sociales:

Bilbok eguzki-panelak jarriko ditu Otxarkoagako eta Zabalguneko merkatuetan

Bilbok eguzki-panelak jarriko ditu Otxarkoagako eta Zabalguneko merkatuetanB. U.

Bilboko Udalak eguzki-panelak jarriko ditu Zabalguneko eta Otxarkoagako udal-merkatuetan. Lehenengoan, zehazki, gaurko gaueko 23.00etatik aurrera hasiko dira garabi batekin panelak kaletik teilatura igotzen. Otxarkoagan, aldiz, ostegunean hasiko dira lanak. Azkenengo hau Estatuko lehenengo merkatua izango da fatxadan eguzki-panel bertikalak izango dituena.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkari Álvaro Pérez Alonsoren arabera, “Bilbao Zerbitzuak hainbat lan egiten ari da energia-hobekuntzaren arloan, Bilboko udal-merkatu guztiak ingurumen aldetik guztiz jasangarriak izatea bermatzeko, eta proiektu hau, hain zuzen ere, energia-hobekuntzako obra horien parte da. Helburu horrekin sustatzen dugu hazkundea energia berriztagarrien erabileran oinarritzea, sorkuntza fotovoltaikoko instalazio elektrikoak ezarriz”.

Merkatu bi horien artean, instalazioek 1.616 metroko azalera izango dute eguzki-paneletan, eta horietatik 900 Zabalgunean egongo dira, 716 Otxarkoagan. Autokontsumo moduan funtzionatuko dute, eta soberakina konpentsaziorako erabiliko da. Hau da, soberako energia sarera igaroko da, eta, horrela, konpentsazio bat lortuko da konpainia elektrikoaren fakturan. Zehazki, Zabalguneko merkatuko soberako energiak Deustuko eta Traukoko merkatuak hornituko ditu; Otxarkoagako instalazioak, berriz, Labayruko eta Erriberako merkatuak hornituko ditu energia elektrikoz.

Zabalguneko eraikinaren estalkiaren gainean, instalazio fotovoltaiko independente bi jarriko dira, eta horri esker gaur egun kontsumitzen den energia elektrikoaren % 47 aurreztuko da. Beste alde batetik, Otxarkoagako merkatuan jarriko den eguzki-instalazio fotovoltaikoak 276 metro koadroko azalera hartuko du fatxadan (bertikalean), eta horregatik ezaugarri hori izango duen lehenengoa izango da Espainian; gainera, 440 metro koadro okupatuko ditu Angela Arregui plazako pergolan, estalkiaren gainean. Horri guztiari esker, gaur egun Otxarkoagako Merkatuak kontsumitzen duen energiaren % 45 aurreztuko da.

Gainera, monitorizazio telematikoko sistema berri bati esker, merkatariek eta bezeroek denbora errealean jakin ahal izango dute zein den errendimendua eta zenbat energia sortzen ari den. “Ekimen horiek Bilboko herritarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute, klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzen baitu; izan ere, energia berriztagarria den aldetik, energia garbia da, oso gutxi kutsatzen du”, gaineratu du Álvaro Pérez Alonsok.

Atmosferara isuritako emisioak murriztea

Ingurumenaren ikuspegitik, instalazio horiek mugarri bat gehiago dira epe luzera berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburuak lortzeko hasitako bidean. Horretarako, energia-efizientziako neurriak bultzatuko dira; izan ere, energia-efizientzia % 31ra iritsi behar da 2030erako; energia-aurrezteak eta energia berriztagarrien sustapenak guztizkoaren % 32ko kuota lortu beharko dute; eta, horrez gain, badira 2030erako bete beharreko beste betebehar batzuk, hala nola, 1990arekin alderatuta, berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murriztea.

Egindako proiektu teknikoaren datuekin egindako simulazioaren arabera, jatorri berriztagarriko sorkuntza fotovoltaikoko sistema berri horiek aukera emango dute ohiko sorkuntza elektrikotik eratorritako C0₂ren emisioak murrizteko eta atmosferara isuritako C0ren emisioak saihesteko.

Zabalguneko merkatuan instalatuko den instalazio fotovoltaikoak eragotziko du urtean 45.601,08 kg isurtzea atmosferara C0₂ren emisioetan. Eta era horretan saihestuko da urtero 7.101 zuhaitz moztea.

Otxarkoagako merkatuan instalatuko den instalazio fotovoltaikoak eragotziko du urtean 28.110,3 kg isurtzea atmosferara C0₂ren emisioetan. Eta era horretan saihestuko da urtero 4.935 zuhaitz moztea.