Síguenos en redes sociales:

Urriaren 4tik 18ra bitartean ikusi ahal izango da Bilbon 'Ahaldunduak' erakusketa

Datorren asteazkenetik hasita eta urriaren 18ra bitartean, Abandoko Indalecio Prieto tren-geltokiak Ronny Hermosa eta Sean Hawkey argazkilarien 'Ahaldunduak. Bidezko Merkataritzako emakumeak' izeneko erakusketa jasoko du. Bertan artista bien argazkiz osatutako 22 panel ikusi ahal izango dira.

Lanak erakusten du nola erraztu emakumeen enplegua, nola lortu diru-sarrera duinak, egonkorrak eta berdintasunezkoak, eta nola sustatu emakumeen parte-hartze soziala independentzia ekonomikoa eta ahalduntze pertsonala sendotzeko faktore gisa.Gainera, gizartean ezarritako rolak hausten eta genero-berdintasunean aurrera egiten laguntzen du.

Zehatz esateko, Bidezko Merkataritzako hiru erakunderen kasuak eta bertan lan egiten duten 12 emakumeren bizipenak eta iritziak erakusten dizkigute. Indian, Nikaraguan eta Marokon ehunak, kafea eta argan-olioa ekoizten dituzten erakundeak dira, eta herrialde horietako pobrezia- eta desberdintasun-egoeren berri ematen dute. Genero-desberdintasunari buruzko mundu mailako datuak, bidezko merkataritzaren printzipioak, eta bidezko merkataritzak genero-berdintasuna nola bultzatzen duen ere azaltzen dute.

Erakusketa Bidezko Merkataritzako Estatuko Koordinakundeak ekoiztu eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziak finantzatu du. Tren-geltokiko espazioa Adifek laga du. "Adifen geltoki irekia" programaren bidez, kultura-, gizarte- eta ingurumen-ekimenak koordinatu eta garatzen ditu, herritarrei edukiak emanez eta geltokiaren eta inguruaren arteko gizarte-konexioa sustatuz.

Bilboko Bidezko Merkataritzaren sentsibilizazio-, informazio- eta sustapen-ekintzak lehentasunezkoak dira Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzako IV. Gida Planaren barruan; plan hori indarrean dago gaur egun eta tokiko talde sustatzaile bat edo lantalde bat dauka. Talde hori osatzen dute Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Sailak -1996az geroztik, bidezko merkataritza bultzatzeko ekintzak eta proiektuak antolat eta horietan laguntzen duena-, baita arlo horretan lan egiten duten Bilboko GKEak eta beste eragile puntual batzuk ere. Jarduera hori Bilboko Bidezko Merkataritza sustatzen duten hainbat GGKErekin lankidetzan egiten da: Kidenda, Intermon Oxfam, Vicente Ferrer Fundazioa, Adeco Elkartea, Proclade Yanapay eta Setem Hego Haizea.

Era berean, jarduera hori Bidezko Merkataritzaren aldeko Hirien Nazioarteko Programaren (Bilbo programa horren parte da 2012tik), (H)abian programaren, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategiaren eta Bilbao Balioen Hiria proiektuaren esparruan egiten da.

Ekitaldi honek GJHei ere balioa ematen die. Batez ere, Bilboko Udalaren Lankidetzarako Plan Gidarian lehentasunezkoak diren hiru GJH: 12. GJHa, Bidezko Merkataritza eta Kontsumoarekin lotuta dagoena; 11. GJHa, hiriak eta komunitateak jasangarriagoak izatea bilatzen duena; eta 5. GJHa, genero-berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea bilatzen dituena.