Miguel de Unamunori ohiko omenaldia egin zaio bere jaiotzaren 159. urteurrenean
Urtero bezala, Bilboko Udalak omenaldia egin dio gaur goizean, irailaren 29an, Miguel de Unamunori, bere jaiotzaren 159. urteurrenean. Idazlearen izena daraman Alde Zaharreko plazan egin den ekitaldiaren buru izan da Bilboko alkate Juan Mari Aburto.
Alkatearekin batera izan dira Gonzalo Olabarria, Kultura eta Gobernantza Zinegotzia eta Udalbatzako ordezkari bat.
Ekitaldiaren hasieran, Udal Txistulari Bandak "Alkate soinua" interpretatu du agintariei harrera egiteko, eta, ohorezko aurreskuaren ondoren, lore-eskaintza egin da "Agur Jaunak" izenpean.
Jarraian, Aburto Alkateak gogorarazi duenez, "duela mende laurden Bilboko Udalak urteroko ospakizun hau ezarri zuen hiriko semerik ospetsuenetako baten omenez: Miguel de Unamuno Jauna, filosofo, pentsalari eta idazle handia, arimaren eta giza bizitzaren zirrikiturik ezkutuenak sentimendu bilbotar sakonez zeharkatu zituena".
Alkateak bere hitzaldian adierazi duenez, "gaur 100 urte, Don Miguelek, Salamancako Unibertsitateko errektoreorde karguan 21 hilabete zeramatzanak, ‘La Tribuna’ ikasle-aldizkariaren azaleko testuari azken ukituak ematen zizkion, Miguel Primo de Riverak diktaduraren zazpi urteei hasiera eman zien adierazpenari erantzunez".
Primo de Riveraren diktaduraren aurkako jarrera argiak "Unamuno bost hilabeteko erbestera eraman zuen" Kanarietako Fuerteventura uhartera, eta handik "ia sei urteko borondatezko erbestera abiatu zen, lehenengo Parisen eta gero Hendaian".
"Horrelakoa zen Don Miguel, gizon ausarta, grinatsua, zuzena eta bizia. Segur aski, ez zen tratu errazekoa, bere gehiegizko sentiberatasunak errealitatetik baztertua eduki zuen beti. Baina gure Unamuno da, bilbotar peto-petoa, duela mende eta erdiko egoeraren eta gizartearen semea, bi gerra zibilen artean, eta testuinguru horretan ulertu eta miretsi behar dugu ", amaitu du.
Gaurko lore eskaintza Unamunoren jaiotzaren 159. urteurrena ospatzeko Bilboko Udalak programatu dituen kultur proposamenen barruan kokatzen da.
Bidebarrieta Kulturguneak “Bilbao, el alma de Unamuno” izeneko hitzaldia egingo du gaur arratsaldean (19:00etan). Hitzaldia Eugenio Lujan Palma filosofian doktore, espezialista eta Miguel de Unamunoren lanaren ikertzailearen eskutik emango du.