Martxan jarri ditu Bilboko Udalak 'Adinekoentzako Osasuna' tailerrak
Urriaren hasierarekin batera, Bilboko Udalak martxan jarriko du udalerriko adinekoen artean ohitura osasungarriak sustatzeko jardueren programa. Hala, Osasun eta Kontsumo sailak antolatutako 'Adinekoentzako Osasuna' izeneko ekimenak adinekoen bizimodu aktiboa sustatuko dituzten 90 tailer eskainiko ditu 2024ko ekainera arte.
Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo saileko zinegotzi Álvaro Pérezek adierazi duenez, "programaren helburua da adineko pertsonen artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzea, ariketa fisikoak dakartzan onuren bitartez, eta, era berean, pertsona horien mugikortasunean segurtasuna hobetzen laguntzea".
Gainera, Álvaro Pérezek esan duenez, "urtean 9 hilabetez gauzatzen den programak eragin positiboa du parte hartzen duten adinekoen alderdi psikologikoan, jarduera horiek gauzatzean elkarreragin soziala sustatzen baita".
1.820 lagunek hartuko dute parte antolatutako 90 tailerretan, eta zenbait motatako jarduerak egingo dituzte. Hala nola: ariketa fisikoko saioak, astero, parte-hartzaileen adinera egokituta eta profesionalek zainduta; elikadura osasuntsuari buruzko hitzaldiak; osasun-sustapenaren alorreko kanpainak, adinekoen interesekoak diren gaiei buruz (erorikoen prebentzioa, adibidez), eta adinekoek sozializatzeko jarduerak (udaberriko jaia edo kalean, itsasadarren ertzetan, jarduera fisikoa egitea, esaterako).
Iaz 154 tailer egon ziren, eta, guztira, 1.905 adinekok hartu zuten parte (1.735 emakume eta 170 gizon). Jarduera fisikoa Udalaren 18 lokal eta zentrotan egin zuten, bizilekutik hurbil, urtarriletik ekainera eta urritik abendura bitartean.
Saiootan parte hartzeko taldeak eratuta daude jada, baina itxarote-zerrenda bat zabaldu da izena eman nahi dutenentzat, lekuren bat hutsik geratzen bada.
Ibiltarien Sarea eta parke bio-osasungarrien dinamizazioa
Programan garatutako jardueren osagarri gisa, eta adinekoentzako ohitura osasungarriak sustatzeari dagokionez, Bilbon adineko askok hartzen dute parte ibiltarien 17 sareetan eta udalerriko zortzi barrutietako parke bio-osasungarrietan.
Iaz, adineko ugarik hartu zuen parte ibiltarien sareko ibilbideetan. 175 saio egin zituzten, eta, guztira, 5.370 lagun (3.614 emakume eta 1.627 gizon) bildu zituen ekimenak. Ibiltarien sareak bost maila ditu, distantziaren, iraupenaren, desnibelaren eta lurrazal motaren arabera, eta adinekoek ibilbide errazenak egin ohi dituzte. Orokorrean, jarduerak harremanetarako eta sozializatzeko ematen duen aukerak erakarrita etortzen dira.
Parke bio-osasungarrien dinamizazioari dagokienez, 87 saio egin ziren aire zabalean, eta 1.171 lagunek hartu zuten parte (gehienak, adinekoak).
Proba modura, adinekoentzako kalisteniako 8 saio egin dira, hilean 2, martxotik ekainera bitartean, eta 50 pertsonak hartu du parte.