Garai berriei egokituz, Bilboko Udalak hamabi egun barru hasiko den Aste Nagusiko egitarau digitala herritarren esku jarri egin du. Horrela, bilbotarrek modu errazago eta azkarrago batean kontsultatu ahal izango dute programazioa.
«Bilbao Aste Nagusia 2023» aplikazio ofizialaren bitartez, herritarrek azken ordukoen berri jaso ahalko dute, berehala. Aplikazioa doakoa da, eta eskuragarri dago ja, IOSerako eta Androiderako. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez deskargatu ahal da. App ofizial horrek udal egitaraua eta hainbat abantaila gehiago eskaintzen ditu; hala nola, geolokalizazio- eta geoposizionamendu-sistemak ditu, erraldoien eta buruhandien ibilbideak denbora errealean kokatzeko eta jai-guneko zerbitzuak non dauden jakiteko.
Gainera, aplikazioa irakurketa errazerako moldatuta dago, eta, beraz, edukia irisgarriagoa da. Informazio guztia laburtuta argitaratzen da, hizkuntza errazean eta piktogramekin lagunduta.
Aurtengoan, Aplikazioak Aste Nagusiko kontzertuen informazio zabalagoa edukiko du, taldeen musikarako esteka zuzenekin, klik batean erabakitzeko zein kontzertutara joan.
Aste Nagusiko egitaraua Bilboko Udalaren webgunean ere kontsultatu ahalko da, eta handik deskargatu, Aste Nagusiko informazio osoa euskaraz eta gaztelaniaz jasotzen duen ataletik.
Udalak gogorarazten du Bilbon 2.000 wifi-puntu inguruko sarea dagoela, hiri osoan zehar hedatzen dena, Internetera doan sartu ahal izateko: nahi duenak sarera konektatu, eta egitaraua deskargatzeko kanaletako batera sartu ahalko du.
Paperezko egitaraua ere bai
Gomendiorik jasangarriena informazioa online jasotzea bada ere, Udalak badaki kolektibo batzuek zailtasunak dituztela Internetera sartzeko, eta, hala, jaietako egitarauaren paperezko formatuaren 150.000 ale ere editatu ditu.
Liburu horietako 100.000 Bilboko etxeetara iritsiko dira, eta herritarrentzako estrategikoak diren puntuetan ere banatuko dira: udaltegietan, Jaietako Sailean (Aznar eraikina), Udalaren Informazio Bulegoan (San Agustin eraikina), turismo-bulegoetan (Plaza Zirkularreko Terminus bulegoa, eta Guggenheim Bilbao Museokoa) eta Bilboko Konpartsaken egoitzan.
Horrez gain, 10.000 egitarau argitaratu dira ingelesez eta frantsesez. Turismo-bulegoetan eta uriko hoteletan banatuko dira, Aste Nagusian gurera datozen turistei helarazteko.
Gainera, braillez idatzitako 6 ale daude, ikusmen-zailtasunak dituzten pertsonentzat. Eskuragarri egongo dira ONCEren egoitzan (Perez Galdos 11), Bilbao Turismoren bulegoetan (Plaza zirkularrekoa eta Guggenheim Bilbao Museokoa), Txikiguneko informazio-puntuan eta Abandoko eta Barrainkuako udaltegietan. Era berean, jai-egitarauaren edukia garatu da irisgarritasun unibertsaleko irizpideei jarraituta, eta irakurketa errazeko formatuan idatzita dago.