José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean lehenengo lauak eta Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean hurrengoak, Bilboko udal musika bandak zortzi kontzertu eskainiko ditu Aste Nagusi honetan Areatzako Kioskoan.

Bilboko taldeak 8 kontzertu eskainiko ditu egunero, 12:00etan, uriko gune enblematiko honetan. Taldeak errepertorio oparoa aukeratu du kontzertu hauetarako: pasodobleak eta zarzuelak, klasikoak, lankidetza bereziak, txistuak eta gaitak eszenatokian lagun izango dituztelarik.

Aurten ere lankidetza bereziak izango dira Aste Nagusian, Bilboko Udal Musika Banda Bilboko Udal Txistulari Bandarekin, Basurtuko Beti Jai Alai Dantza Taldearekin, Iruñeko Gaiteroekin edo Messenger eta Goizargi Gospel Choir abesbatzekin arituko delarik.

José R. Pascual-Vilaplana Muruko maisuaren eta Iñaki Urkizu zuzendari beasaindarraren zuzendaritzapean, Areatzara hurbiltzen diren ikus-entzuleek askotariko errepertorioaz gozatzeko aukera izango dute, hainbat gairen inguruan: "Betiko doinuak", "Haizetan dantzan", "Musika eta festa", "Klasiko herrikoiak", "Francisco Alonsori omenaldia", "Musika latinoa" eta "Botxoko konpositoreak".

Egitarauak gai herrikoiak eta jaiegunak eta estilo desberdinak uztartuko ditu, hala nola, euskal konposizioak, jazza, latindar musika, pasodoblea, antzerki musikala, popa, soinu bandak… guztiak ere musika pieza ezagunak.

Aipatzekoak dira abuztuaren 25ean, ostirala, Iruñeko Gaiteroekin eta astelehenean, hilak 21, Bilboko Udal Txistulari Bandarekin eta Beti Jai Dantza Taldearekin egingo diren kolaborazioak, eszenatokian txistuak eta gaitak uztartuz.

Kioskoko ohiko kontzertuez gain, aurtengo egitarauak berrikuntza gehiago dakartza, beste bi kontzertu berezi izango baitira. Lehenengoa abuztuaren 20an (igandea) izango da, 23:30etan Abandoibarran. Egun eta ordu horretan Bilboko taldea Sevillako Tamara abeslariarekin batera arituko da taula gainean. Besteak beste, "Si nos dejan", "El gato que está triste y azul" eta "Granada" bezalako artista andaluziarraren hamar abesti ezagun baino gehiago entzun ahal izango dira.

Honez gain, Bandak gospel kontzertu bat ere eskainiko du, abuztuaren 23an (asteazkena), 23:30ean, Plaza Barrian. "Arimaren memoria" izenburupean, Messenger Abesbatzak eta Goizargi Gospel Choirrek parte hartuko dute. Bi abesbatzak Ramón Escalék zuzenduko ditu. Okasio honetan, John P. Keeren "I Believe", Donald Lawrenceren "Healed", Shirley Caesarren "Yes Lord, yes" eta "Satan, we're gonna tear your kingdom down" edo A. Jeffrey Lavalleyren "Hallelujah, Salvation and glory" abestiak interpretatuko dira, besteak beste. Bi kontzertu berezi hauetan, Pascual-Vilaplana izango da taldea gidatuko duena.