Inoizko Aste Nagusirik inklusiboena ospatuko du aurten Bilbok
Abuztuaren 19an hasiko den Aste Nagusia Bilbok inoiz ospatu duen jai-asterik inklusiboena izango da. Horretarako, 'Gozatu zuk ere!' izeneko kanpaina jarri egin du martxan, eta horren inguruan irisgarritasun unibertsaleko hainbat ekimen eta neurri garatuko dira jai-egitarauan. Kanpainaren helburu nagusia desgaitasunen bat duten pertsonek Bilboko Aste Nagusiaz gozatzeko aukera izatea da.
Bilboko Udalak interes eta sentsibilitate bereziaz landu du adingabeentzako eta haien familientzako eskaintza inklusiboa.
Hala, bada, Txikigunean, Aste Nagusiko umeen aisialdirako gunean, dibertsitate funtzionala duten umeen parte-hartze aktiborako egokitutako jarduerak izango dira, eta begirale berezitu baten laguntza izango dute, jolasaz eta aisialdi-jarduerez gozatzen duten bitartean. Bestalde, Marijaiaren formatu txikiko irudi berezi bat baliatuko da, ikusmen arazoak dituztenei jaietako protagonista hurbiltzeko.
Txikigunearen esparru horretan bertan, Casilda Iturrizar parkeko pergolan, familientzako kaleko antzerkiaren emanaldietan ––abuztuaren 25ean eta 26an 19:00etatik aurrera daude programatuta––, zeinu-interpretea jardungo da.
Aurreko edizioetan bezala, Txu-Txu Trena ere, familiek jai-gune honetara doan etortzeko baliatu ahal izango dutena, egokitua izango da.
2023ko Aste Nagusiko hitzorduetako bat, txikienek eta haien familiek gehien espero dituztenetako bat, Balearen Desfilea izango da: hartan, bidean leku bat gordeko da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean, mugikortasun urritua duten adingabeek Bali eta harekin batera doazen gainerako pertsonaiak gozatu ahal izan ditzaten.
Familientzako beste leku berezitu bat Barrakak izango dira, Etxebarria parkean. Abuztuaren 20an, 23an eta 25ean, 17:00etatik 20:00etara bitartean, ez da izango zarata asaldagarririk, autismoa duten pertsonei erasan ahal dienik.
Zeinu interpretea, irakurketa erraza eta eremu egokituak
Pregoia Aiora Renteriak irakurriko du aurten, eta zeinu-hizkuntzako interpretea ere arituko da, entzuteko arazoak dauzkaten pertsonek ere aukera izan dezaten une horri jarraitzeko, zeinak Uriko jaien bederatzi egunei hasiera ematen baitie.
Halaber, zeinu-hizkuntzako interpretea izango da publiko guztientzako kaleko antzerkiaren emanaldietan, Gas plazan, bai abuztuaren 20an, domekan, 12:30ean eta 21:15ean, bai abuztuaren 22an, martitzenean, 12:30ean, eta abuztuaren 27an, domekan, 12:30ean.
Abandoibarra jai-guneko, Gizakunde Elizako eta Europa parkeko kontzertuetan, bestalde, lekuak gordeko dira mugikortasun urrituko pertsonentzat, Aste Nagusiko musika-eskaintza gozatu ahal izan dezaten.
Aurreko aldietan bezala, Bilboko Udalak komun egokituak jarriko ditu jai-eremuan, han eta hemen.
Azkenik, nahiz 2023ko Aste Nagusiko egitaraua, nahiz kartela, egokitu egin dira braille hizkuntzaren arabera, eta formatu horretako aleak Plaza Biribileko turismo-bulegoan eta Guggehheim Bilbao Museoko turismo-bulegoan egongo dira eskura, eta baita ere ONCEren Bilboko egoitzan, Txikiguneko informazio-gunean eta Abando eta Ibaiondo udaltegietan (La Bolsa eraikina).
Egitaraua Irakurketa Errazaren formatuan diseinatu eta idatzi da, pertsona guztiek izan dezaten aukera informazioa baliatzeko, are irakurriz ulertzeko arazoak dituztenek ere. Formatu honetako programa "Aste Nagusia 2023" aplikazio ofizialetik jaitsi daiteke.