Síguenos en redes sociales:

Etxebarria parkean kokatuko dira barrakak berriro Aste Nagusian

Abuztuaren 18an, Aste Nagusia hasi baino egun bat lehenago, inauguratu egingo dira barrakak. Hala ere, barraka-gunea uztailaren 11n irekiko da, arratsaldeko 17.00etan konkretuki, eta irailaren 3ra arte egongo da zabalik. Ohi bezala, barrakak Etxebarria parkean egongo dira kokatuta.

Guztira, Bilboko Udalak 73 atrakzio baimendu ditu (2022an bezala). Horien artean, helduentzako hamaika aparatu, haurrentzako hamalau barraka, sei txurro-denda, askotariko hamasei kaseta, eta terrazadun lau taberna egongo dira, eta, horiez gain, ikuskizunak, trebetasun-makinak, ausazko jokoak… eta, nola ez, zirkua ere bai.

Barraka-guneak egunero zabalduko du, 17:00etan. Ordea, ixteko ordua aldatu egingo da, dataren arabera:

  • Abuztuaren 19tik 26ra, 04:00etan itxiko dute (03:00etatik 04:00etara, soinurik gabe).
  • Abuztuaren 13tik 17ra eta abuztuaren 28an, 01:00ean itxiko dute (00:00etatik, soinurik gabe).
  • Abuztuaren 11, 12 eta 18an, eta irailaren 1ean eta 2an, aurreikusita dago 02:00etan ixtea (00:00etatik, soinurik gabe).
  • Eta abuztuaren 29, 30 eta 31n eta irailaren 3an, 01:00ean itxiko dute (23:00etatik, soinurik gabe).

Gainera, Etxebarria parkeko barraka-gunea ahalik eta inklusiboena izan dadin, aurten ere ordutegi bat ezarri dute zaratarik gabeko tarteekin, autismoa duten pertsonek ere gozatu ahal izan dezaten barraketan, inolako kalterik gabe. Horrela, bada, 20an, 23an eta 25ean, 17:00etatik 20:00etara, barraketan ez da musikarik edo bestelako hots zaratatsurik egongo.

Zirkua

Barraka-guneko gainerako atrakzioak bezala, zirkua abuztuaren 11tik irailaren 3ra egongo da irekita.

Era berean, muntatze-lanetarako aldia berbera izango da guztientzat: abuztuaren 7ko 09:00etatik irailaren 4ko 22:00etara arte.

Etxebarria parkean duela gutxi amaitutako egonleku, laku eta zuhaiztia direla eta, zirkua beste leku batean jarriko dute, ingurune beraren barruan: parkea eta Zumalacarregui etorbidea lotzen dituen igogailutik hurbilen dagoen eremuan egongo da.