Europar Batasuneko Kontsumo, Industria eta Barne Merkatuko ministroei harrera instituzionala egin die astelehen honetan eguerdian Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Udal Korporazioko gainerako kideekin batera.

Ekitaldia Bilboko Udaleko Arabiar Aretoan egin da, eta kontsumo eta lehiakortasunari buruzko topaketa informal honetan parte hartuko duten 70 pertsona baino gehiago bildu ditu, Europako Justizia Komisario Didier Reynders eta Kontsumo Ministerioko Kontsumo eta Jokoaren arloko Idazkari Nagusi Rafael Escudero buru.

Aburto Alkateak eskerrak “EBko Lehiakortasun eta Kontsumoari buruzko Kontseilu Informal hau egiteko Bilbo aukeratu izana” eskertu eta goi-mailako bilera hau “zalantzarik gabe, garrantzi handiko gertakaria” dela adierazi du, izan ere, “topaketa honek kontsumoaz, industria energetikoaz, Kanpo Arazoez eta funtsezko beste gai batzuez eztabaidatzeko aukera emango du, eta gai horiek guztiak interes gorenekoak dira, bereziki Espainiako Estatuak Europar Batasuneko presidentetza hartu duen honetan”.

Europako maila goreneko topaketa hau gaur arratsaldean bertan hasiko da, EBko Kontsumo Ministroen bilerarekin. Bertan, 2020-2025 Kontsumitzailearen Agendaren egungo egoera eta etorkizunerako aurreikuspenak aztertuko dituzte, baita kontsumo jasangarriaren arloan eman beharreko hurrengo urratsak eta kontsumitzaileen ahalduntzeari buruzko Europako Batzordearen zuzentarauak ere.

Bihar, asteartea, Industria eta Barne Merkatuko Ministroek eztabaidan jardungo dute Europako garapen eta autonomia industriala indartzeko Autonomia Estrategiko Irekia delakoaren barruan hartu beharreko neurriei buruz, Europako enpresen lehiakortasuna eta barne-merkatua sendotu eta segurtasun ekonomikoa nahiz industriarentzako laguntza finantzarioa bermatzearren, zero isurpen garbiei eta lehengai kritikoei arreta berezia emanez.