Síguenos en redes sociales:

100 maillot historiko baino gehiagoko erakusketa jasoko du Bilbok

100 maillot historiko baino gehiagoko erakusketa jasoko du BilbokB. U.

Euskal txirrindularitzaren eta Frantziako Tourraren 110 urteko historiaren maillotak biltzen dituen erakusketa helduko da Bilbora, hilabete eskas bat falta denean Tourraren hasierarako. Erakusketa Zabalgune Eraikinean egongo da ikusgai.

Txirrindularitzaren zale den Adrián Jimenez Rubio asturiarraren bilduma honek, txirrindularitzako zaleei, eta gizarteari oro har, euskal txirrindularitzarekin eta Frantziako Tourrarekin gozatzeko aukera emango die.

Erakusketa bi ataletan antolatuta egon da. Lehenengoa, ekainaren 1, 2, 3, 4, 8, 9, 10 eta 11n, 10:00etatik 19:30era, euskal txirrindulari eta taldeen eta Itzuliko maillotak eta erlojupeko buzoak erakutsiko ditu.

Bigarrena, ekainaren 16, 17, 18, 22, 23, 24 eta 25 ordutegi berean, Frantziako Tourreko sari nagusietako jertseak (maillot horiak, berdeak, motadunak eta zuriak), proba honetan parte hartu duten zenbait talderen edizio bereziekin batera egongo dira erakusgai.

Jantzi bakoitzak deskribapen labur bat eramango du, txirrindularia identifikatu eta ezagutzeko eta eraman zuen urtea adierazteko. Gainera, Santinik, Tourraren babesle ofizialak, 2023ko edizioko zortzi maillot ofizial utziko ditu, sari bakoitzeko bi.

Bilduma guztia

Taldeen (KAS, Euskaltel Euskadi, SKY, Movistar, Astana, Quick Step…) eta txirrindulari berriagoen eta ezagunagoen (Mikel Landa, Omar Fraile, Pello Bilbao, Izagirre anaiak edo Gonzalez de Galdeano, Joseba Beloki, Abraham Olano, Mikel Nieve, Haimar Zubeldia, Juanma Garate, Bingen Fernández, Julian Gorospe…) elastikoez gain, benetako bitxiak ere ikusi ahal izango dira, hala nola, Igor Astarloa Cofidis taldearekin munduko txapeldun izan zeneko maillota, Javier Mauleonen Mapei GB 1996 mitikoko jertseak eta Jon Unzagaren 'Italiako Giroa' bertsioa, Javier Otxoa zenduaren 2000. urteko Kelme Halcon Viajes taldekoa, taldeko guztien sinadurekin, ‘Gemeaz Cusin Zor’ Espainiako txapeldunarena, Jesús Ibáñez Loyo arabarraren ‘Italia’ edizioa, Txomin Perurena eta Miguel Mari Lasa bezalako historikoen janzkiak… Itzuliko liderraren maillotak ere barne hartzen ditu, hala nola, Vingegaard, Roglic eta Alejandro Valverderenak, besteak beste.

Frantziako Tourreko onenak bereizten dituzten ekipazioei dagokienez, Tadej Pogačar edo Chris Froome eta jada txirrindulari ohi diren Miguel Indurain, Bernard Hinault, Eddy Merckx, Alberto Contador, Carlos Sastre eta Luis Ocaña bezalako txirrindularien maillot horiak ikusi ahal izango dira. Erregulartasunari dagozkien berde kolorekoen artean, Peter Sagan, Erik Zabel eta Oscar Freirerenak egongo dira, eta mota gorrietako beste batzuk ere izango dira, besteak beste, Samuel Sanchez, Tony Rominger, Julian Alaphilippe eta mendiko saria gehien, zazpi aldiz, irabazi duen Richard Virenque txirrindulariarenak. Azkenik, Frantziako lasterketako gazterik onena bereizten duten zurien artean Egan Bernal, Nairo Quintana, Andy Schleck eta 45 urterekin oraindik jardunean dagoen Oscar Sevilla txirrindulariarenak aurkezten dira. Santini markako maillot ofizialak ere erakutsiko dira, 2023ko edizioari dagozkionak, Grand Départ Pays Basqueri, hain zuzen ere.

'Tour' bloke honen barruan, 'Grande Boucle'-rentzat egindako edizio esklusiboak ere ikusi ahal izango dira. 1994ko Mercatone Uno taldeko kamiseta, ONCEko arropa beltzak eta arrosak, La Vie Claire Tour 1986ko maillota, 2016ko Tinkoff La Datcha taldearen jertsea, 1999ko Saeco Cannondale taldearen maillota eta 2004ko Domina Vancanze taldearen elastikoa eta txalekoa, biak Mario Cipollini esprinter handiaren taldeak, edo Wout Van Aertentzat esklusiboki egindako "masterpiece" modeloa, dira jantzi ikusgarrienetako batzuk, baita Marino Lejarretak, urte berean Millaun etapa bat irabazi zuenak, sinatutako ONCE taldeko 1990eko Frantziako Tourreko edizio berezia ere.