Síguenos en redes sociales:

663,5 milioi euroko aurrekontua izango du Bilboko Udalak 2023an

663,5 milioi euroko aurrekontua izango du Bilboko Udalak 2023anBilboko Udala

Bilboko Udalak historiako aurrekonturik altuena izango du datorren urtean. Guztira 663,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an, aurten baino % 4,8 gehiago

Azken hilabeteotako eztabaiden eta akordioen emaitza gisa, aipatutako kopuru globalak oposizioko talde politiko guztien zuzenketak ere jasotzen ditu, guztira 1,3 milioi euro batzen dutenak.

Hain zuzen ere, gaurko osoko bilkura berezian onartu dute 2023ko Aurrekontua, aurkeztutako erreklamazio guztiak baztertu eta gero. Azken bozketan, EAJ/PNVk eta PSE-EEk osatutako Gobernu Taldearen aldeko botoak jaso ditu dokumentuak, eta, orain, makineria osoa abiarazi ahalko da, hiriak martxan jarrai dezan.

Juan Mari Aburto alkateak, saioa amaitzerakoan, zoriondu egin ditu Udalbatzako kide guztiak, hiriaren erronka berriekin bat datozen kontuak diseinatzen egindako lanagatik. Eta eskerrak eman dizkie, bereziki, Marta Ajuria zinegotziari eta haren taldeari. «Aurrekontu ausarta, errealista eta indartsua da, kutsu sozial eta zerbitzu publikoko izaera nabarmena duena. Bilbo erakargarri, inklusibo eta jasangarriaren alde lan egingo du, herritar guztientzako eta auzoetarako proiektu garrantzitsuekin, eta sail guztiek izango dituzte behar besteko baliabideak, zenbait ekintza abiarazteko».

Datorren urterako kontuak definitzerakoan, etengabe aintzat izan dituzten lehentasunezko helburuak ere aipatu ditu alkateak. Zehaztu duenez, «sor daitezkeen erronka edo ziurgabetasunei aurrea hartu nahi izan diegu, kudeaketa on baten bitartez: ez dugu ahaztu behar pandemiaren eraginak markatutako aldi batetik gatozela. Bilboren garapen ekonomikoa bultzatu nahi dugu, egoera zaurgarrienean dauden pertsona eta sektoreei arreta emanez eta inor atzean utzi gabe; eta, horrez gain, herritarren eta auzoen bizitza-kalitatea hobetzeko inbertitzen jarraitu nahi dugu».

Zifra handiak

2023ko Aurrekontua osatzen duten zenbateko nagusiei dagokienez, aurtengoa baino 30,3 milioi euro handiagoa izateaz gain (% 4,8 gehiago, alegia), gastuen kapituluan honako hauek nabarmentzen dira: 314 milioi, oinarrizko zerbitzuetarako partidan (saneamendua, argiteria, zaborrak…); 117 milioi, udal inbertsio publikorako, eta, 53 milioi, auzoetan jarduteko.

Era berean, zenbait proiektu garatzea aurreikusten da, hiria hazteko, eguneroko kudeaketan bilbotarren ongizatea bermatzen duten kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzeko eta urira inbertsioak erakartzeko. Gauzatuko diren proiektu horien artean daude Auzokide Planaren obrak (elementu mekaniko eta igogailu berriak); enplegu planak; gizarte-larrialdietarako laguntzak; Agirre Lehendakariaren etorbidea berriro urbanizatzea; saneamendu-sarea berritzea; kiroldegiak, parkeak eta egoteko guneak berritzea; Frantziako Tourra 2023rako prestakuntza-lanak (ekitaldi garrantzitsuenetako bat, nazioarteko eragina duena); Artxandako errepidea pasealeku bihurtzea eta Topagunearen parkea egitea, eta AHTa lurperatzeko aukerak aztertzea, besteak beste.

Ekintza horiei gehitu behar zaizkie herritarrek iradokitako proiektuak, guztira 2 milioi euroko inbertsioa jasoko dutenak.

Aurrekontua, sailka

Aurrekontua onartu eta gero, eta 1. kapitulua alde batera utzita (langile-gastuak), hauxe da sailkako xehakapena:

  • Zerbitzuak eta Bizi Kalitatea: 97.732.000 €
  • Mugikortasuna eta Jasangarritasuna: 69.764.700 €
  • Obrak, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoak: 59.014.800 €
  • Ogasuna: 52.300.400 €
  • Gizarte Ekintza: 45.721.900 €
  • Kultura eta Gobernantza: 39.032.110 €
  • Ekonomiaren Garapena, Merkataritza eta Enplegua: 28.600.000 €
  • Gazteria eta Kirola: 18.750.300 €
  • Herritarren Arreta eta Partaidetza eta Nazioarteko Gaiak: 16.536.700 €
  • Obrak eta Zerbitzuak – Barrutiak: 13.210.300 €
  • Euskara eta Hezkuntza: 10.162.500 €
  • Herritarren Segurtasuna: 8.742.000 €
  • Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak: 6.884.900 €
  • Osasuna eta Kontsumoa: 3.715.500 €
  • Hiri Berroneratzea: 3.565.500 €
  • Berdintasuna: 1.228.100 €
  • Etxebizitza: 670.000 €
  • 1. kapitulua (langile-gastuak): 184 M €