Bilboko umeek dantzan trebatu ahal izango dira AIKO Taldeari esker
Bi tailer antolatu dituzte abenduaren 28an Bilboko Campos Antzokian
Abenduaren 28an sei urte arteko Bilboko umeek dantzaren munduari buruz gehiago jakin ahal izango dute, izan ere, AIKO Taldeak eta Bilboko Campos Eliseos Antzokian bi tailer antolatu dituzte non haurrei dantza transmititzeko tresna berriak eskainiko diren.
“Kulunkaz – Gure lehen urratsak dantzan” izenburupeko ekimen honek abiapuntutzat hartu du ume txikiek helduak imitatzeko duten joera. Txikienentzat inguruneko helduak dira –gurasoak, aiton-amonak, osaba-izebak– imitatu beharreko ereduak. Beraz, dantzazaletasunaren transmisio egokia lortzeko, behar-beharrezkoa da helduei 6 urte arteko haurrak dantzan trebatzeko moduko tresnak eskaintzea. Gogoan izan behar da musikaren estimuluak eragindako erantzun automatikoak era askotako jolas eta ariketen bitartez eta, denboran atzera eginez gero, are amaren sabel barruko sentsazioen bitartez garatzen direla.
Ondorioz, komenigarria da, dantzazaletasuna igorri nahi duten gurasoek, senideek eta gainerako helduek haurrengan automatismo horiek garatuko dituzten ezagutza eta ohitura berriak hartzea. Horretarako, arras lagungarriak dira jolasak eta izaera ludikoko beste entretenimendu batzuk, dantza-jarduera esperientzia plazergarritzat zabaltzeko tresnarik egokienak baitira.
Dantza familian gozatzera zuzendutako tailer hauek bi adin-taldetan banatzen dira, lehena 3 eta 6 urte bitartekoentzat, eta bigarrena 0 eta 2 urte bitarteko haurrekin dantzan egiten ikasi nahi duten helduentzan batez ere. Hemen ordutegiak:
3-6 urte. Oinez dantzan (30-45 minutuko iraupena)
3 eta 6 urte tarteko tailerra –Amagoia Elosegiren eskutik– heldu batek lagunduta parte hartuko duten neska-mutilentzat diseinatuta dago, eta bertan, musikarekin jolasten hasteko modu desberdinak proposatuko dira: pultsua, erritmoa, azentua edota esaldiaren pertzepzioa, edozein musikari aplika dakizkiokeen jolasen bitartez. Helburua, imitatuak izaten ikastea da, etxeko txikienekin parteka dezakegunaz eta dantzak haiekin komunikatzeko eskaintzen digun aukeraz ohartu eta sorkuntza eta talde edo bikote barruko eginbeharra sustatzeko asmoz.
0-2 urte. Besoetan dantzan (60 minutu inguruko iraupena)
Bi urte arteko tailerra –Sabin Bikandik emango duena– ibiltzen ikasi ez duten edo trikili-trakala dabiltzan umeen artean dantzarekiko lehen hartu-emanak errazteko baliabideak eta ariketak ikasi nahian dabiltzan helduei zuzenduta dago nagusiki, haurtzaindegietako eta haur-eskoletako irakaskuntza arloko profesionalak barne. Haurrak besoetan, kotxetxoetan edo paseatzeko aulkietan dituztela lan egingo da, edo parte-hartzaile interesatuek ekarri beharko dituzten panpinekin.