Síguenos en redes sociales:

Miribillako Gernika Lorategiak kiroletarako pista bat izango du

Uriko auzo guztietan hobekuntzak egiteko ahaleginean aurrera darrai Bilboko Udala. Oraingo honetan, kirola egiteko pista berri bat eraikiko du Udalak Miribilla auzoko Gernika Lorategian. Lanak aste honetan bertan hasiko dira.

Kantxak –beste kirol-modalitate batzuen artean saskibaloian eta areto-futbolean jolastu ahal izango da– itxitura izango du perimetro osoan. Itxitura horrek kantxa berriaren erabiltzaileen eta parkean dabiltzan gainerako pertsonen segurtasuna bermatuko du eta gainera, kantxa ondotik igarotzen diren ibilgailuen zirkulaziotik isolatuko du.

Pista jarriko den lekuan lehendik dagoen parterre bat egokituko da –trapezoidala da eta oinezkoentzako ibilbideez inguratua–. Horrela, lorategi-gunea instalazio berrira egokituko da. Instalazio berriak sarbide bat izango du, eta harmailen gune bat izango du alboetako batean.

Pista egiteko kenduko den lurra ezpondetan erabiliko da ondoren, eta kaltetutako belardi guztian belarra ereingo da, obra amaitu ondoren.

Orain abiarazten diren lanen barruan, halaber, pista eta joko-lerroak margotu, bi saski jarri eta ikusleentzako hamar harmaila-elementu jarriko dira.

Era berean, euri-urak biltzeko sare berri bat jarriko da, eta argiteria indartuko da. Zehazki, kantxa argiztatzeko, 7 metroko lau zutabe aukeratu dira, eta bakoitzaren gainean bi led proiektagailu.

Parte-hartze bidezko aurrekontuak

Obra hori egiteko aurrekontua 2022ko Parte-hartze bidezko Aurrekontuen barruan dago. Bilbotar guztientzat zabalik dagoen prozesua da, Udalaren aurrekontuaren zati bat zertan erabil daitekeen proposatu dezaten. Udalak 2 milioi euro erabiltzen ditu aurrekontu horietan.