Ostiral honetan, irailak 23, Gorabideren Eguna ospatzeko ekitaldia egin da Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaoko Bastida Aretoan. Bertan izan dira, besteak beste, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Iñigo Urkullu lehendakaria.

Jendaurreko hitzaldian, Aburto alkateak gogora ekarri du, Adimen Urritasuna duten Pertsonen Aldeko Bizkaiko Elkartearen (Gorabide) 60. urteurrenaren kariaz otsailean Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin zen harrera instituzionala, “izan ere, duela zazpi urtez geroztik, Gorabide Bilboko Ospetsuen zerrenda luzeko kide bihurtu da, Bilboren izen ona mundu osoan zabaldu eta pertsonen bizi-baldintzak hobetzen lagundu duten hainbat pertsona, erakunde eta mota guztietako elkarteekin batera”.

Gorabideren sei hamarkadako ibilbideari dagokionez, Juan Mari Aburtok zera adierazi du: “gizarte-zerbitzuen euskal sistemari egin dion ekarpen nagusia adimen-desgaitasuna duten pertsonak eta hauen eskubide eta premiak bistaratu eta duintzea izan da, horren inguruko kontzientzia sozial berri bat eraikiz eta administrazio publikoak pertsona guztien arteko benetako eskubide-berdintasunaren aldeko konpromiso aktiboa hartzera bultzatuz”.

2022ko Gorabide Egunaren barruan, mahai-inguru bat antolatu da erakunde honek gizarte-zerbitzuen euskal sistemari egindako ekarpena aztertzeko, eta bertan izan dira Susana Gorbeña Gorabideko presidentea, Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako Sailburua, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Foru Diputatua eta Valeria Garcia-Landarte Fevas - Plena Inclusión Euskadiko Zuzendaria.

Jardunaldiari amaiera emateko, adimen-urritasuna duten pertsonen erabateko inklusioaren aldeko ohiko euritakokada egin da Bizkaia Plazan.