Apirilaren 9tik 13ra bitartean, Bilboko Sozietate Filarmonikoak 'Ahots zerutiarrak - Divinas voces' izeneko BAS - Bilbao Arte Sakratua musika sakratuko zikloaren 18. edizioa jasoko du.
BAS - Bilbao Arte Sakratua Bilboko Sozietate Filarmonikoan egingo da. Egunero emanaldi bat egongo da, 19:30etik aurrera, ospe handiko musikariekin, bertokoak nahiz nazioartekoak.
Sarrerak martxoaren 30etik aurrera (asteazkena) erosi ahalko dira ohiko bideetatik, 7 eurotan.
APIRILAREN 9A, ENSEMBLE DIDEROT
Programazioa apirilaren 9an hasiko da, larunbatez, Andrea Hill mezzosoprano kanadarrarekin eta Ensemble Diderot ganbera-musikako talde frantsesarekin. Musika klasikoan erreferentzia bat den talde honetako nukleoa lau musikarik osatzen dute, Johannes Pramsohler sortzaile eta biolin-jotzailearen inguruan. Taldeak ganbera-musika barrokoaren errepertorioa arakatzen eta jotzen du. “Christ ist erstandem” izenarekin (musika alemana Pazkorako), Johann Pachelbel-en eta Heinrich Ignaz Franz Biber-en obrak eskainiko dituzte.
APIRILAREN 10A, NORDIC VOICES
Apirilaren 10eko kontzertuaren izena “Lamentation-Consolation” da, eta Nordic Voices taldeak eskainiko du: sei kideko a capella ahots-taldea, Oslokoa (Norvegia). 1996an eratu zen, eta harrezkero ospea eta fama handia hartu ditu, bere generoan munduan den ahots-talde onenetako bat denez gero. Kontzertu honetako lehen zatiko testuak, “Lamentation”, gaurko egunera estrapolatu litezke. Kontzertuaren bigarren zatian, “Consolation”, euren aroko bi konpositore handienetako biren musika entzun ahalko dugu: Heinrich Schütz eta Tomás Luis de Victoria. Gainera, Norvegiako musika garaikideko konpositoreen musika abestuko dute.
APIRILAREN 11, LUDOVICE ENSEMBLE
BAS-en egitarauak hilaren 11n, astelehena, jarraituko du, Ludovice Ensemble talde portuges ospetsuaren (Eduarda Melo, sopranoa; Sofia Diniz, zango-biola; Fernando Miguel Jalôto, organoa) kontzertuarekin, “Tenebrae factae sunt” izenekoa. Errepertorioan Michel-Richard de Lalande-ren lanak nabarmendu behar ditugu, historia osoko musikari frantses ospetsuenetako bat delako. Programa osatzeko, Frantziako hiru organo-jotzaile garaikide handiren obrak joko dituzte: Marchand, Raison eta Du Mage. Ludovice Ensemble antzinako musika jotzen duen taldea da. Lisboan du egoitza, eta 2004an sortu zuten Fernando Miguel Jalôto-k eta Joana Amorim-ek, XVII. eta XVIII. mendeetako ganbera-musika bokal eta instrumentala ezagutzera emateko asmoz, antzinako musika-tresnak erabiliz.
APIRILAREN 12A, PROPITIA SYDERA
Sozietate Filarmonikoaren agertokiak, apirilaren 12an, “Musika sakratuaren uholdea! Pasioa eta extasia barrokoko musika sakratuan” kontzertua hartuko du, Propitia Sydera taldearekin, María Espada-rekin (sopranoa) eta Pedro Gandía Martín-ekin (biolina eta zuzendaritza). Talde honetako kideek nazioarteko eszenako talde barrokoekin jotzen dute (Hesperion XX, Cafe Zimermann, Sevillako Orkestra Barrokoa, Musiciens du Louvre, Zefiro, Das Neue Orchester…) eta hainbat musikarirekin kolaboratu dute: Wilbert Hazelzet, Alfredo Bernardini, Saskia Salembier, Petros Bakalakos... Beraien errepertorioan, Antonio Caldara, Georg Friedrich Haendel, Arcangelo Corelli eta Antonio Vivaldi-ren lan sakraturik esanguratsuenak daude.
APIRILAREN 13A, LES ARTS FLORISSANTS-WILLIAM CHRISTIE
Edizio honen egitaraua hilaren 13an, ostegun gizenaren bezperan, amaituko da, Les Arts Florissants taldearen “Leçons de Ténèbres” kontzertuarekin (Aizaroen lezioak asteazken santurako), ahots baterako eta bitarako, François Couperin-ena. Obra hori sakontasunez ezagutzen du Les Arts Florissants taldeak. “Aizaroak” esan ohi zaion zeremonia baterako da, hau da, Aste Santuko liturgia berezi baterako: Pazko aurreko asteko asteazken, ostegun eta ostiralean egiten diren matutiak. Lehen gau ilunean egiten zen eta, bijilia luze honetan, egunak argitu ahala kandelak itzaltzen ziren.
SARREREN SALMENTA
Sarrerak martxoaren 30etik aurrera (asteazkena) erosi ahal izango dira
- Arriaga Antzokiko txarteldegietan: Astelehen, astearte, larunbat eta igandeetan: 11:30 - 14:00 / 17:00 - 19:00. Asteazken, ostegun eta ostiraletan: 11:30 - 14:00 / 17:00 - 20:00.
- Arriaga Antzokiaren webgunean.
- tickets.kutxabank.es, salmenta-terminaletan, eta Kutxabanken jasota.
- Prezioa: 7 euro
► Programazioaren xehetasun guztiak BAS-en web-orrian daude.
COVID-19AREN KONTRAKO NEURRIAK
BAS - Bilbao Arte Sakratuaren antolatzaileek zorrozki beteko dituzte koronabirusa dela eta indarrean dauden neurri guztiak, baita maskara eremu itxietan erabili beharrari buruzkoa ere, besteak beste. Aretoko langileen gomendioak une oro bete behar dira.