Síguenos en redes sociales:

Bilbok "Bilbao Open Rubik 2019" txapelketa hartuko du bigarren urtez jarraian

Abuztuaren 31n eta irailaren 1ean gauzatuko da lehiaketa, eta 75 lagun hartuko dute parte

Bilbok "Bilbao Open Rubik 2019" txapelketa hartuko du bigarren urtez jarraianBilboko Udala

BILBO. Iaz bezala, Bilbok "Bilbao Open Rubik 2019" nazioarteko txapelketa hartuko du. Bertan mundu osoko 75 parte-hartzaileek, rankingeko onenak, euren trebeziak lehiatuko dituzte nazioarteko txapeldun izateko. Txapelketa World Cube Associationen (WCA) ardurapean dago.

Txapelketa Bilborock aretoan jokatuko da abuztuaren 31n (zapatua) 09:00etatik 21:00etara bitartean eta irailaren 1ean (domeka) 09:00etatik 13:00etara bitartean. Finala domekan jokatuko da 11:30ean hasita. Sarrera doakoa eta librea da, aretoa bete arte.

Euskadi, Andaluzia, Madril, Katalunia, Gaztela eta Leon, Aragoi, Kantabria, Frantzia, Maroko, Errusia eta Peruko 75 gaztek hartuko dute parte kategoria hauetan: 3x3x3, 2x2x2, 4x4x4, 5x5x5, 6x6x6, Pyraminx, Megaminx, Skewb, Square-1, 3x3 esku batekin, 3x3 hankekin eta 3x3 itsu-itsuan. Parte-hartzaile bakoitzak 5 Rubik kubo osatuko ditu txanda bakoitzean eta erdiko hiru denborekin batez bestekoa egingo da. Txapelketan lortutako emaitzak WCA elkartearen datu-basean sartuko dira eta parte-hartzaileak mundu mailako rankingean sailkatuko dira.

Gazteek antolatua eta gazteentzako ekitaldia da. Hortaz, parte-hartzaileen batez besteko adina 16 urtekoa da.

BILBAO OPEN RUBIK 2018 TXAPELKETAKO BALANTZEA

Aurtengoa bigarren aldia da nazioarteko txapelketa Bilbon egiten dena. Iazko edizioan 67 gaztek parte hartu zuen, Euskaditik, Andaluziatik, Madrildik, Kataluniatik, Frantziatik, Marokotik eta Errusiatik etorriak. 265 ikusle bertaratu ziren txapelketa ikustera Bilborock-era. Aurten ere leku berean jokatuko da. 20 urtekoa Eder Olivencia Gonzalezek irabazi zuen 2018ko txapelketa; ekimenaren bultzatzaileetako bat da.

“IDEIAK MARTXAN” DEIALDIA

Bilbao Open Rubik gazte bilbotar biren ideia da, Eder Olivencia Rubén Lópezena, hain zuzen ere. Txapelketa Bilboko Udalaren ‘Ideiak Martxan’ programaren barruan sortu da; uriko gazteentzako programazioa euren ideiekin osatu nahi duten gazteen ekimenak sustatzea eta laguntzea da programa horren helburua.

Parte-hartzaileen adina 14-35 urtekoa izango da eta proposamenak banaka edo taldeka aurkeztu daitezke; taldeko kide bat gutxienez Bilbon erroldatuta egongo da.

“Ideiak Martxan” programan parte hartu nahi dutenek urteko edozein unetan bidal ditzakete euren proposamenak ideiakmartxan@bilbao.eus helbide elektronikoaren zein www.bilbaogazte.bilbao.eus webguneen bidez. Proposamenak jaso ondoren, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko teknikariek, sustatzaileekin batera, aztertuko dituzte ekimenaren interesa eta bideragarritasuna eta, ekimena gauzatzekotan, Udalaren laguntza izango du.