Gabonak segurtasun osoz ospatzeko aholkuak elarazi ditu Bilboko Udalak. Hori dela eta, Segurtasun Sailak prebentzioan jarri nahi du arreta, ezer larriagorik gertatu aurretik. “Bilboko segurtasuna herritarren esku ere badago”.

Horretarako, hona hemen gomendio batzuk.

GABONETAKO APAINGARRIAK

Gabonetan etxeak, merkataritzako lokalak eta ostalaritzako establezimenduak apaingarriz betetzen dira, zuhaitzak eta kandelak jartzen ditugu?; ospakizunen ardatz izaten dira eta hortaz, ondo-ondo zaindu behar ditugu.

Gabonetako zuhaitzek -benetakoak eta artifizialak-, samur hartzen dute sua eta ondorioz, ez da komeni bero-puntuetatik gertu ipintzea. Berogailuetatik eta bero-puntuetatik metro batera, gutxienez, jartzea gomendatzen da.

Bestalde, umeek helduekin batera ipiniko dituzte gabonetako apaingarriak eta zuhaitzak, sekula ez bakarrik. Bonbillekin eta elektrizitateko instalazioarekin jolas daitezen saihestu behar da.

Argiak baldintza onean egon eta homologatuak izango dira. Kanpoko argiak jarriz gero, argindarra hartzeko bateria edo kanpoko hartunea erabiliko dira. Kableak ez dira leihoetatik edo bestelako lekuetatik aterako, horiek erdi itxita geratzen badira.

Elektrizitatea behar duten apaingarriak jarriz gero, entxufeak ez dira gainkargatu behar, ez eta kableak konektatu ere egokigailurik gabe. Konexioak eta argi-puntuak behar bezala isolatuta egongo dira eta produktu sukoietatik eta erregaietatik urrun.

Kandelak erabiliz gero, leku seguruan jarri; parafina urtzen denean inguruko materialetan eraginik ez izateko eta istripurik ez eragiteko moduko lekuetan jarri behar dira.

MATERIAL PIROTEKNIKOA

Bilboko Udalak herritarrei dei egin die material piroteknikoa maneiatzeak segurtasunerako ekar dezakeen arrisku handiaz jabetu daitezen. Hala, aurtengo Gabonetan suziririk eta petardorik ez jaurtitzeko eskatu du.

Babes Zibil eta Larrialdietatik horrelako materiala maneiatzeak eta erabiltzeak pertsonen segurtasunerako eta ondasunetarako dakartzan arrisku handiez ohartarazi nahi dute. Petardo eta suziriak behar bezala erabiltzen ez direnean, erabiltzaileak erredura eta zauri larriak izan ditzake. Hartzen duten norabidea aurreikusi ezin denez, besteentzat ere arriskutsua izan daiteke.

Egoera larriagoa da gai horien erabiltzailea adingabekoa denean. Gainera, suziriak botatzen diren gehienetan auzokoei eragozpenak sorrarazten zaizkie eta ordena publikoa kaltetu.

Bestetik, suziri eta petardoak hiriko eraikin eta altzarien aurka jaurtitzen direnean, leku horietan daudenentzako arrisku erantsia dago eta bilbotar guztien ondarea kaltetu daiteke.

Iazko Gabonetan, suziri gehien jaurtitzen diren hiru egunetan -Gabon gauean, Gabon zahar gauean eta Urtebarri egunean- Bilboko suhiltzaileek 51 irteera egin zituzten eta horietako 17 suteak izan ziren. Zaborrontziak, sastrakak, balkoi bat eta etxebizitza-zati bat erre ziren.

Gabon egunean 7 sute izan ziren (edukiontzietan eta etxebizitza batean) eta Gabon zaharrean 10 sute (edukiontzietan, sastraketan eta balkoi batean) izan ziren.

Material piroteknikoa erabiltzearekin zerikusia izan zuten sute horiek guztiek. Hori dela-eta, Bilboko Udalak herritarrei eskatzen die gai piroteknikoak maneiatzeak dakarren arriskuaz jabetu daitezen eta ahal denik eta gutxien erabiltzeko.

Ildo horretan, Bilboko Udaltzaingoak eta suhiltzaileek gizalegearen aurkako horrelako jarreren aurrean herritarren laguntza jasotzeko deia egin dute, eta gogorarazi dute egunotan suziriak baimenik gabe sal ez daitezen kontrol zorrotza egiten ari dela.

ALKOHOLA ETA DROGAK KONTROLATZEKO KANPAINA

Udaltzaingoak gogorarazi nahi du alkohola ez dela bateragarria gidatzearekin. Jai-egunak direla-eta, alkoholarekin lotzen diren ospakizunetarako joan-etorriak egiteko zein Gabonetako erosketak egiteko garraio publikoa erabiltzeko aholkua eman gura die herritarrei, betiere ibilgailuen pilaketak saihestu nahian.

Horregatik, aurreko urteetan legez, Bilboko Udaltzaingoak, gidarien artean alkohola eta drogak kontrolatzeko Gabonetako kanpaina abian jarriko du. Egun hauetan urian zirkulazio handiagoa izaten da eta leku batzuetan, batez ere uriko sarrera-irteeretan eta merkataritza-guneen inguruetan, auto-pilaketak izaten dira.

Horrela bada, urtarrilaren 4ra arte kontrol eta zaintza-lanak areagotu egingo dira (lehenengoa goizean, bigarrena arratsaldean eta hirugarrena gauean), batez ere, zirkulazio handieneko lekuetan, errepidean istripuak izateko faktoreetako bati, ahal den neurrian, aurrea hartzeko; izan ere, hildakoak izaten diren istripuen % 43tik gorako kasuetan agertu ohi den faktorea da.

Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren barruan dago ekimen hau.

Datuak kontuan hartuta, 2017ko abenduaren 18tik 2018ko urtarrilaren 4ra arteko kanpainan 145 proba egin ziren (124 alkoholemia neurtzeko eta 21 drogen kontsumoa). Denek eman zuten negatibo.