Síguenos en redes sociales:

Iparaguirre kalean obrak egingo dituzte Guggenheim Museoaren eta Azkuna Zentroaren arteko ardatza izateko

Lehenengo fasean, Museoaren eta San Jose plazaren arteko zatia txukunduko dute, non lehentasuna emango zaien oinezkoei

Iparaguirre kalean obrak egingo dituzte Guggenheim Museoaren eta Azkuna Zentroaren arteko ardatza izatekoDEIA

BILBO. Iparaguirre kalean obrak egingo dituzte Guggenheim Museoaren eta Azkuna Zentroaren arteko ardatza izateko. Gaur, hain zuzen, lehenengo fasea aurkeztu da, non Museoaren eta San Jose plazaren arteko zatia txukunduko duten eta lehentasuna emango zaie oinezkoei. 8.500 metro karratuko jarduketa-eremua da, luzetara 330 metro ditu eta espaloiak zabalduko dituzte; 3,5 metroko espaloiak 5,5 metro izateraino zabalduz.

Gainera, espaloiak galtzadaren kota berean egongo dira eta zirkulazio-erreia orain arte bezala noranzko bakarrekoa izango da. Aparkalekuak oraingoz kendu egingo dira baina laster Juan Ajuriaguerra kalean egingo den aparkalekuen berrantolaketaren ondoren berriro jarriko dira.

Espaloietan granitozko zoladura jarriko da, kalitateko materiala erabiltze aldera. Argiztapenak berebiziko garrantzia izango du jarduketa-eremu osoan. Sigi-sagan egongo den katenaria batek lotuko ditu zutoinak eta handik zintzilik led motako argi linealak ipiniko dira, ausazko marrazkia osatuko dutenak, inguruari dinamismoa emanez eta Guggenheim Museoarekin nahiz Azkuna Zentroarekin lotuz.

Mugimendu-itxura hori areagotu egingo da bi gunetan: San Jose plazan, eta Guggenheim-en inguruan; hor sabai itxurako batean led argiak jarriko dira linean, aramu-sarea osatuz lurretik zazpi metroko altueran. Espaloia eta galtzada ere led-tira batek banatuko ditu eta gainera, semaforoekin koordinatuta, kolorea aldatuko zaio, oinezkoei abisatzeko.

Era berean, uriko altzariek ere garrantzi berezia izango dute. Batez ere, 11 terrazetakoak, horiexek dira-eta baimena berritu ahal izango duten bakarrak. Ez da terraza gehiagorik onartuko, Udalak gai horretan hartutako konpromisoari jarraiki. Udalak bereak zehaztuko du terrazen kokalekua, urbanizazioa amaitzen denean. Terrazetako altzarien kokalekua ere Udalak zehaztuko du; gainera, horietan eguzkitakoak nabarmenduko dira, euren diseinu, ekarpen estetiko eta moldaerraztasunagatik. Oihala kolore argikoa eta bikoitza izango da, hau da, hagatxoak gainetik eta azpitik estaliko ditu, manpara itxi bat eratuz; barruan zeinek bere argiak eta hustubideak izango ditu. Esparru osoko hiri-altzariak zurezkoak izango dira, inguruari batasuna eta dotorezia emateko. Jardinerak ere egongo dira, loreontzi handien itxurakoak.

Orain dauden zuhaitzen ordez gereziondo japoniarrak landatuko dira. Loratze bereziko espeziea da, altuegia izan barik eta kopa handiegia izan barik, egokia kaleari argitasunik ez kentzeko. Kolore berdeago eta neutroago beste espezie batzuk tartekatuko dira. Orain dauden zuhaitzak hortik kendu eta uriko beste gune batean landatuko dira.

Honako hau Iparraguirre kalea lasaiagoa izateko aurreneko urratsa da; ondoren etorriko dira beste batzuk, irizpide berberei jarraituta. Hala ere, tarte bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuko dira irtenbideak proposatzerakoan. Lehenengo fase honen aurrekontua 1,8 milioi eurokoa da, lanak gauzatzeko epea 12 hilabetekoa eta lanak 2019an hasiko dira.

Irizpide horixe berori ezarri du Bilboko Udalak Guggenheim inguruan, betiere inguruaren berezitasunen arabera jardunez. Horiek horrela, trataera berezia emango zaio, eremu hau Museoaren atariaurrekoa izan dadin eta, zergatik ez, jarduera zabaldu edo programazioaren barruan dagoen zerbait denean, zirkulaziorako itxi ahal izan dadin, hartara herritarrak inplikatuz eta jendea erakartzeko erabiliz.

Eremu honetan espaloiko eta galtzadako zoladura ez da hain erregularra izango, granito zurizko biribil batzuk jarriko baitira hor-hemen. Galtzada eta espaloiak material berekoak izango dira, zorua uniformea izate aldera.

Proiektu hau zehazteko eta diseinatzeko, Bilboko Udalak parte-hartze bidezko bilera egin ditu inguru horretako bizilagunekin, merkatariekin eta ostalariekin. Bilera horietan, besteak beste, irizpideak adostu dira, jendearen beldurrak zeintzuk diren jakin dugu eta Bilborentzat funtsezkoa den ardatz honen erabilerekin bat ez datozen jarduketak saihestu dira, Guggenheim Museorako sarbidea eta Azkuna Zentrorako konexio-bidea baita eta hortaz, lanak egin ondoren, pertsonen fluxua horietara eta beste auzo batzuetara bideratuko da, betiere kontuan hartuz bertako ibilgailu nahiz oinezkoen joan-etorriak lehentasunezkoak izango direla proiektuaren barruan.