BILBO. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, kanpainak bi helburu nagusi ditu. Horrela, alde batetik, gidariak gidatzen duen ibilgailurako behar den baimena duela, asegurua indarrean duela eta ibilgailuak baldintza tekniko egokiak betetzen dituela egiaztatuko dute udaltzainek.

Beste alde batetik, merkantzien garraioan dabiltzan ibilgailuak kontrolatzeko eta zaintzeko Udaltzaingoak Garraioa Antolatzeko Arautegian ezarritakoa betearaziko da. Hiru ezaugarri hauek dira ziurtatu beharrekoak: garraioan jarduteko baimena, gidatutako denborak eta atsedenerako denborak, takografoan jasota daudenak; gidariaren gaitasun profesionala; eta merkantziaren garraiorako baldintzak betetzen direla, salgai galkorrei, izoztuei eta beste batzuei dagokienez.

Joan den urtean Bilboko Udaltzaingoak bost kanpaina egin zituen merkantzien garraioan ari diren ibilgailuak zaintzeko eta kontrolatzeko. Guztira 601 ibilgailu kontrolatu ziren eta 39 salaketa jarri (kontrol guztien %6,5).