Irailaren 3an Bilbok hartuko du "La Vuelta 2025" lasterketaren hamaikagarren etaparen irteera eta helmuga. Ekitaldi horrek eragina izango du hiritarretan eta hainbat eremutan aldaketak eragingo ditu.
Hori dela eta, dispositibo handi bat ari da prestatzen Udala, sail batzuen eta besteen artean koordinatuta: Mugikortasuna, Segurtasuna, Obra Publikoak eta Zerbitzuak... eta, gainera, komunikazioa indartuko da, herritarrek aldez aurretik jakin ditzaten eragin horiek eta haien aurrean egon daitezkeen konponbideak edo alternatibak.
Hirian egun horretarako ezarritako dispositiboak zirkulazioa etetea eta autobus-lineak desbideratzea aurreikusten du, batez ere San Mameseko inguruan –hortik abiatuko da pelotoia 13:30ean– eta Kale Nagusian, Gregorio de la Revillaren parean, bertan amaituko baita etapa 17:30 inguruan. Dena den, beste leku batzuetan ere etengo da zirkulazioa Deustun, Uribarrin, Begoñan, Olabeagan eta Zorrotzaurren.
Gomendioa da, oro har, auto partikularra ez erabiltzea eta garraio publikoan mugitzea Bilbotik, hau da, trenean edo metroan, ahal dela. Bestalde, Bilbobuseko linea gehienetan, bai eta hiritik dabiltzan Bizkaibuseko lineetan ere, aldaketak egongo dira.
BILBO-BILBO, 157 KILOMETRO
Luis Briñas kaletik abiatuko da lasterketa eta Carmelo Bernaola tuneletan aterako da neutralizatuta. Gero, Bizkaiko hainbat udalerritatik ibilbidea egin ondoren, hirira itzuliko da Artxandatik, Ballets Olaeta kaletik eta Euskalduna zubitik. Pelotoiak Kale Nagusiko helmugatik egingo du lehen buelta, Errekalde zumarkalerantz jarraituko du eta, berriz ere, Bilbotik irtengo da Zumalacarregui etorbidetik. Azkenik, 17:15 inguruan, txirrindulariak berriro sartuko dira hirira, ibilbide bera eginez.