Bizkaiko Foru Aldundiak berritu du lurraldeko emakume baserritarren elkarteekin sinatutako lankidetza-hitzarmena. Elkarte horiek dira Etxaldeko Emakumeak, Landa XXI eta Saskia. Duela bi urte abiatu zen lankidetza hau, eta ordutik, entitate horiek eta Nekazaritza Zuzendaritza Nagusia aldian-aldian elkartzen dituzten lan-mahaien bidez garatzen da. Helburua da Bizkaiko nekazaritza-sektorean diharduten emakumeen beharrak entzuteko eta diagnostiko partekatu bat egiteko gune bat sortzea.
Lan-mahaiek aukera ematen dute oztopoak identifikatzeko, esperientziak partekatzeko eta proposamenak helarazteko, laguntza-tresna berriak sortzeko eta landa-inguruneko politika publikoak hobetzeko oinarri izango daitezen. Ekimen hori lagungarria izan da emakume baserritarrekin zuzeneko elkarrizketa indartzeko eta haien ikuspegia kontuan hartzeko, laguntza emateko eta batera lan egiteko bideak diseinatu direnean.
Lankidetza-prozesu horren ondorioz, Aldundiak lehendik zeuden baliabideak eta programak bildu eta sistematizatu ditu emakume baserritarrei berariaz zuzendutako laguntza-dokumentu praktiko batean. Material horretan, Aldundiak berak, Eusko Jaurlaritzak edo Nekazaritza Ministerioak sustatutako ekimen hauei buruzko informazioa hau jaso da, besteak beste: gazteak nekazaritza-sektorean sartzeko laguntzak, nekazaritzarako lurra eskuratzeko aukerak, ekintzaileentzako egonaldi praktikoak, nekazaritzako test-guneak, inbertsioetarako laguntzak, nekazaritzako aseguruak, titulartasun partekatua.
Horrez gainera, dokumentuak Emakume Nekazarien Estatutuari, landa-garapenerako LEADER programaren barruko laguntzei eta landa-ekintzailetzari laguntzeko baliabideei (GEROA, KABIA eta «Ostegun ekintzaileak») buruzko informazioa ematen du.
Bizkaiko Foru Aldundiak sektoreko elkarteekin partekatutako lan-ildo hori indartzen jarraituko du, bere politikak egokitzen jarraitzeko lurraldeko emakume baserritarrek dituzten errealitate eta erronken aniztasuna aintzat hartuta.