La Caixa” Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Sormenezko Teknologietarako TUMO Zentro bat sortzeko proiektua aurkeztu dute. Aurtengo irailean hasiko dira espazioa egokitzen, eta 2026an irekitzea aurreikusten da. Erakundeak 10 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du datozen lau urteetan.
Mota horretako Estatuko lehenengo zentroa izango da, eta Azkuna Zentroan kokatuko da, hiru erakundeen arteko lankidetzari esker.
“la Caixa” Fundazioak hitzarmen bat sinatuko du metodologia horren aitzindari den TUMO Armeniarekin, eta horrek aukera emango du hango eredua TUMO Bilbao-Bizkaia zentrora ekartzeko. Sormenezko Teknologietarako TUMO zentroa nazioarteko, doako eta eskolaz kanpoko hezkuntza-programa bat da. Programa horretan, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeek, sormen- eta teknologia-sektoreko coach eta profesionalekin batera, askatasunez aukeratzen dituzte gehien interesatzen zaizkien arloak, eta beren paper-zorro pertsonal eta profesionala osatzen dute. Eredu hori ikaskuntza-planen hiperpertsonalizazioan oinarritzen da, eta nork bere erritmoan gauzak deskubritzeko jarduerak eta profesionalekin egindako tailer eta laborategiak uztartzen ditu.
2026-27 ikasturtean, TUMO Bilbao-Bizkaia zentroak 1.000 ikasle hartzeko gaitasuna izango du. 2027-2028 ikasturtetik aurrera, 1.500 ikaslera helduko da gaitasun hori, eta nerabe bakoitza astean lau orduz joango da zentrora. Baliabidea askotariko gazteei dago zuzenduta, eta kolektibo horren artean aukera-berdintasuna sustatzeko helburua du.