Barakaldoko Udalak sustatutako Hiriko Soinuak musika lehiaketaren seigarren edizioak baditu finalistak. Sari nagusirako hautagaiak honako hauek izango dira: Deep Sea Monk, rock alternatiboa jorratzen duen laukote bilbotarra, amerikar, blues edo soul generoen eraginarekin; Silkat, Bilboko Errekalde auzoko indie rock hirukotea, bi single kaleratu berri dituena; eta Simón Carranza, Getxoko pop-rock kantautore gaztea.

Finala irailaren 28an izango da Barakaldoko San Bizente parkean, doako sarrerarekin 3 proposamen irabazleak eta euskarazko artistarik onena Herriko plazan arituko dira urriaren 25ean eta 26an, izen handiko artistekin batera

Barakaldoko artista onenaren saria irabazteko hautagaiak honako hauek izango dira: Debuk, 90. hamarkadako rock alternatiboa eta grungearen eragin handia duen taldea; Momak, groovy ukitua eta tronpeta moldaketak dituen laukote sortu berria; eta Steven Nota Real, hip-hop, rap eta reggae artista, Floridan (Kolonbia) jaioa eta Barakaldon aspaldidanik bizi dena.

Azkenik, hauek izango dira Berdintasun Saria jasotzeko hautagaiak: Buiah, rock, post punk eta pop laukote bilbotarra; Edgar Allan Pop, Beatriz Álvaro gasteiztarrak eta Jaime Buenaventura madrildarrak osatutako indie-pop bikotea; eta Laztana Laztana, elektronika, urban, pop, rock, folk... estiloak uztartzen dituen proiektua.

Irabazleek urriaren 25ean eta 26an Barakaldoko Herriko plazan egingo den Hiriko Soinuak festibalean joko dute, hemendik gutxira iragarriko diren izen handiko artistekin.

Epaimahaia SUA taldeko Janire Lopez artistak, Jon Asier Zubelzuk (Gaua Estudioko soinu teknikari titularra), Nerea Cantero (Barakaldoko Udaleko Kultura zinegotzia) eta Gotzon Uribek (Bilboko Kafe Antzokiko programatzaile eta sustatzailea) osatuko dute. Hiriko Soinuak lehiaketaren seigarren edizioak 143 musika proiektu izan ditu izena emanda, aurreko marka guztiak hobetuta.