Bizkaiak errentaren gaineko zergaren 2023ko aitorpena birkalkulatuko die 1979 baino lehenago kotizatu zuten 160.000 pentsioduni. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Zuzendaritza Nagusiak horretarako behar den laneko informazioa eman ondoren, Bizkaiko Foru Ogasunak errentaren gaineko zergaren 2023ko aitorpenaren zirriborroa egingo die pentsiodun horiei, PFEZen Foru Arauaren ezarritako murriztapena aplikatuta, Auzitegi Gorenaren epaian xedatutakoa betetzeko.

Epai horren arabera, Gizarte Segurantzaren erretiro edo elbarritasun pentsioa jasotzen dutenek 1978ko abenduaren 31 baino lehen lan-mutualitateetan kotizatu bazuten, eskubidea daukatela pentsioaren zenbatekoa % 25 murrizteko egun hori baino lehen egindako kotizazioen zenbatekoaren proportzioan.

Gizarte Segurantzaren informazioa jasota, eta pentsiodun bizkaitarrei beren izapideak egiten laguntzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak zuzenean aplikatuko die aipatutako xedapen iragankorrean xedatzen dena zergadun horien guztien pentsioei errentaren gaineko zergaren 2023ko kanpainako aitorpenen zirriborroetan. Ohi bezala, errentaren kanpaina urteko bigarren hiruhilekoan egingo da. Zergadun horiek guztiek ondo kalkulatuta edukiko dute 2023ko aitorpenean aplikatu ahal duten murriztapena. Ez dute eskatu beharko, ez inolako izapiderik egin beharko.

Gainera, aitorpen-zirriborro horietan abisu bat ezarriko da, zergadunek jakin dezaten pentsioari bidezko murriztapena aplikatuko zaiola eta aurreko lau urteetako aitorpenak berrikusteko eskatu dezaketela 2023ko aitorpenean bertan, hau da, Aldundiak aurretik prestatutako formularioa erabili gabe.

50.000 pentsiodunek baino gehiagok jo dute Ogasunera dagoeneko

Atzo arte, 50.189 pentsiodunek eskatu dute 2019 - 2022 aldiko aitorpenak berrikusteko Bizkaiko Foru Ogasunak bere web orrian interesdunen esku jarri zuen formularioaren bidez. Behin Gizarte Segurantzaren informazioa jaso eta errentaren gaineko zergaren 2023ko aitorpen-zirriborroak sortu ondoren, datozen hiletan zergadun horien aurreko urteetako aitorpenak berrikusiko dira. Zergadunek ez dute aurkeztu beharko informazio gehiago berrikuspen-prozesu horretarako.