Bilboko Udalak parte hartuko du aste honetan Vienan ospatuko den World Cities Summiteko Alkateen XIV. Foroan (Mayors Forum). Bertan izango dira Juan Mari Aburto alkatea eta Eder Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia.

Zehazki, topaketa horretan, Bilboko errejidore gorenak hitza hartuko du, besteak beste, hiriek herritarren beharretara egokitutako arrazoizko prezioko etxebizitzak bermatzeko daukaten konpromiso soziala birplanteatzeko.

Viena World Cities Summiteko Alkateen XIV. Foroaren egoitza izango da uztailaren 2tik 4ra, eta, hain zuzen, hiri horrek Lee Kuan Yew Munduko Saria jaso zuen, 2010ean. Topaketa horretan, hirietako alkateak eta liderrak biltzen dira, eta helburua da hirien erronka nagusien aurrean ideiak eta konponbideak partekatzea eta nazioarteko sareak indartzea.

Foroa Singapurreko Centre For Liveable Cities zentroak eta Urban Redevelopment Authority erakundeak antolatuko dute, "Hiri bizigarriak eta jasangarriak: tokiko soluzioak, inpaktu globala" lelopean. Egingo diren saioek askotariko azpigaiak jorratuko dituzte, hala nola arrazoizko prezioko etxebizitzak, udal-zerbitzu efizienteak, hirien arteko lankidetza, trantsizio energetikoa eta hiriko uraren kudeaketa. Horrez gain, kasu praktikoen aurkezpenak eta gaikako eztabaidak izango dira, baita site visits delakoak ere.

Bilboren parte-hartzea

Uztailaren 3an, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hiriek herritarren beharretara egokitutako arrazoizko prezioetako etxebizitzak bermatzeko konpromiso soziala birplanteatzeko hartuko du hitza, eta Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak, berriz, Bilboko trantsizio energetikoan hartutako neurriak azalduko ditu. "Bilbok hiri-erresilientzian, berrikuntzan eta jasangarritasunean daukan nazioarteko posizionamendua indartuko dugu. Gainera, herritarren parte-hartzeari, hiri-sareei eta berroneratze jasangarriari buruzko esperientziak partekatuko ditugu", azalduko du Juan Mari Aburtok.

Bilboko alkateak etxebizitza duina eskuratzeko aukera bermatzearen garrantzia nabarmenduko du hiri inklusibo, erresiliente eta pertsonengan zentratuaren oinarrizko zutabe gisa. "Etxebizitza, aterpea ez ezik, inklusio- eta aukera-tresna bat ere bada, eta ezin dugu inor atzean utzi".

Bere hitzaldian, Aburtok defendatuko du "arrazoizko prezioetako etxebizitzak lortzeko politikarik onena soldata justuak direla", eta nabarmenduko du "Bilbo hiri industrial izatetik hiri-berrikuntzaren eta gizarte-kohesioaren nazioarteko erreferente izatera igaro dela eta, bide horretan, gizarte-justiziak, elkartasunak, herritarren partaidetzak eta pareko balioek gidatu dutela beti".  

Gaur egun, Bilbo da etxebizitza publikoen parkerik handiena duen Estatuko hiria, eta, horretarako, politika aitzindariak izan ditu, hauek adibidez: lurzoruaren % 60-75 etxebizitza sozialetarako gordetzea; 100 urtetik gorako ibilbidea duen udal-kudeaketako eredua, eta arrazoizko prezioetako alokairua, etxebizitzen birgaitzea eta eredu kooperatiboak uztartzen dituzten plan integralak. Proiektu enblematikoen artean, Otxarkoaga eta Peñascal auzoak berroneratzeko lanak eta Abandoko eta Zorrotzaurreko hiri-garapen handiak daude. Halakoek, hain zuzen, hiri berdeago, konektatuago eta ekitatiboago bat eraikitzen laguntzen dute.

Lee Kuan Yew World City saria jaso duen hiriekin bat egitea

Bilboko alkateak foroak ematen dion baliatuko du Lee Kuan Yew World City saria jaso duten hirien sare globalarekin dituen harremanak sendotzeko. Zehazki, Bilbok 2010ean jaso zuen sari hori. Era berean, alkateak elkartruke aktiboa izango du foroaren antolatzaile diren Singapurreko Centre for Liveable Cities eta Urban Redevelopment Authority erakundeekin eta Singapore Management University unibertsitatearekin. Horri esker, jardunbide egokiei buruzko elkarrizketa aberastuko du eta Bilbok hiri-politika berritzaileetan duen nazioarteko proiekzioa sendotuko du.

Gainera, topaketa horretan, Bilboko ordezkariek nazioarteko zenbait agintarirekin biltzeko asmoa dute, hauekin besteak beste: Michael Ludwig, Vienako alkate eta gobernadorea; Chee Hong Tat, Singapurreko Garapen Nazionaleko ministroa; Seri Mohd Sharif Maimunah, Kuala Lumpurreko alkatea; Peter Tschentscher, Hamburgoko alkatea; Tom Copley, Londresko alkateordea; Oh Se-hoon, Seuleko alkatea; Wu Qingwen, Suzhouko alkatea, eta Medellin, New York, Yokohama, Brisbane, Amberes eta beste zenbait hiritako ordezkariak.