Herriko guneetako argiztapena hobetu nahian, Santurtziko Udalak argiak berritzen ditu, aurrekoak baino eraginkorragoak. Miguel Alvárez, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu bezala “15 argi aldatu dira arrantza-portuko gunean, ingurua berriztu beharra zegoen eta. Horrela, jarri diren argi berriek energian aurrekoen % 40 baino ez dute kontsumitzen, eta gainera, argi hobea ematen dute, homogeneoagoa eta kalitatezkoa. Udalak ez du argien truke inongo kosturik ordainduko, horixe baita argiaren kontratuaren enpresa esleipendunak hartutako konpromisoetako bat. Orain portuan eta pantalanetan dauden beste horrenbeste argi aldatzea aurreikusten da, arestian aipatutako helburu berberaz”.

Horrez gain, telekudeaketa sistema bat instalatuko da, kontsumoa eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko asmo berberaz.

Argiekin egin bezala, enpresa esleipendunak telekudeaketa-sistema bat jarriko du, hau ere doan, aldez aurretik hartutako konpromisoa betez. Sistema hori, oraingoz, 30 argipuntutan egingo da, modalitate desberdinez. Nabarmendu beharra dago aplikazioa dagoeneko erabilgarri dagoela portuan dauden argiekin, eta laster gainerakoak ere sartuko direla sistema horretan. “Sistema berri horrek argiteria publikoaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko aukera emango du, argia jardueraren arabera erregulatu ahal izateko. Bestalde, matxurarik edo argien funtzionamenduan akatsik badago, zerbitzu informatiko berri horrek ohartarazpen automatikoak egiteko modua eskaintzen du. Argiteria publikoaren telekudeaketak aukera emango digu azkar erantzuteko, baldin eta arazo larririk edo energia-kontsumoa handituko duten egoerarik bada” gaineratu du Alverezek.