"Bizkaiak martxan jarraitzen du Foru Gobernuaren egonkortasuna islatzen duen aurrekontu batekin, zeinak indartu egiten baitu gizarteak erakundeei eskatzen dien konfiantza", adierazi du Elixabete Etxanobek, Ahaldun Nagusia. Aurrekontuei buruzko Foru Araua gaurko Batzar Nagusien osoko bilkuran onetsi da, eta gizarte-kohesioa eta lurralde-oreka indartzeko, jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko, ingurunea babesteko, nortasun propioa indartzeko eta herritarrenganako zerbitzua hobetzeko neurriak ditu.
Bizkaiko Batzar Nagusiek 2024 ekitaldirako Bizkaiko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Araua onetsi dute, eta "Bizkaia denontzat" Legealdiko Planaren sei ardatz estrategikoekin lerrokatzen da. Hala, lehentasunezko 120 jarduketak garatzeko erabiliko da. 2024. urterako Bizkaiko aurrekontua guztira 10.308,2 milioi euroko diru-sarreren eta gastuen aurreikuspenean oinarritzen da, beraz, aurreko ekitaldian baino 500 milioi gehiago dira -% 5,1eko hazkuntza 2023ko aurrekontuarekin alderatuz gero-. Zenbateko horretatik, foru-sailek 1.599,1 milioi euro kudeatuko dituzte (2023an baino 58,6 milioi gehiago). Gainerakoa beste erakunde batzuk (Eusko Jaurlaritza, udalak, Batzar Nagusiak, eta Estatuaren Kupoa) finantzatzeko eta konprometitutako gastuak (zorra eta langileak) ordaintzeko izango da.
Foru-erakundearen kontuetan gizarte-gastua da garrantzitsuena, biztanleko 640 euro bideratuko baitira desgaitasuna dutelako edo adingabeak direlako mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintza, gizarteratzea eta talderik kalteberenen babesa finantzatzera. Guztira, jarduketa hauetan 737 milioi euro gastatuko dira Gizarte Ekintza eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailen bidez.