Bilboko Udalak, aurten ere, gogorarazi du zer arrisku dituen gai piroteknikoak maneiatzeak edo gaizki erabiltzeak. Horrelako gaiak behar bezala erabiltzen ez direnean, erredura eta zauri larriak eragin ditzakete. Gainera, gehienetan endredoak sorrarazten zaizkie auzokoei eta batez ere, talde ahulenei –umeei, adineko pertsonei edo gaixorik daudenei eta etxeko animaliei- eta ordena publikoa kaltetu ohi da.

Bestetik, suziri eta petardoak hiriko eraikin eta altzarien aurka jaurtitzen direnean, arriskua handiagoa izaten da. Iazko Gabonetan, gai piroteknikoak gehien erabiltzen diren 4 egunetan (Gabon gaua, Gabon eguna, Gabon zaharra eta Urtebarri eguna), Bilboko suhiltzaileek 87 irtenaldi egin zituzten, eta haietako 25 suteengatik izan ziren. Horrela, bada, iaz hamar sute egon ziren basoetan – Gabonak bereziki haizetsuak izan ziren-, hamaika edukiontzietan, bi atarietan eta beste horrenbeste hiri-altzarietan (paperontzi batean eta taberna bateko olanan).

Bilboko Udalak, beraz, dei egiten du herritarrek lagun dezaten gizabidearen kontrako jokabide horiei aurre egiten, eta gogorarazi gura du gai piroteknikoak saltoki baimenduetan erosi behar direla beti. Gabonetan, gainera, Bilboko Udaltzainek zorrozki kontrolatzen dute gai piroteknikoak baimen barik saldu ez daitezen (dela merkataritzako establezimenduetan edo dela kalez kaleko salmentan).

Gobernu Ordezkaritzak baimendutako lokaletan ––eta ez beste inon–– eskuratu beharraz gain, edozelako gai piroteknikoak maneiatzeko, nahitaezkoa da erabiltzeko jarraibideak betetzea eta kontuan hartzea beti haiek erabiltzeko gutxieneko adina kasu bakoitzean.