Galdakaoko Udalak udalerriko adinekoen artean bizitza aktiboa sustatu nahi du. Gainera, adinekoentzat pentsatutako jardueren eskaintza zabalarekin egin nahi du. Horretarako, besteak beste, aire zabaleko jarduerak, kultur irteerak eta jolasak prestatu ditu. Zentzu honetan, Galdakaoko Udaleko Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu irailerako ikasturte berria energiarekin eta ilusioarekin hasteko; halaber, jendea ezagutzeko eta norbere buruarekin baliagarriago eta gusturago sentitzeko ere balio dute ekintzek.
Gimnasia aire zabalean antolatu dute hainbat egunetan. Eguraldi ona aprobetxatuz, gorputza aire zabalean mugitzeko eta luzatzeko aukera izango dute nagusiek monitore baten laguntzarekin, urriaren 11ra arte. Ardanza parkean asteazken eta ostiraletan, 9:30etik 10:30era; Unkina plazan astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 11:00etara; Romualda Zuloaga parkean asteazken eta ostiraletan, 10:00etatik 11:00etara; eta Bengoetxen astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 11:00etara.
Irteerak ere antolatu dituzte. Gernikara biita gidatu bat eta Markina, Etxebarria eta Barroetako dorre inguruetan mendi ibilbidea egiteko aukera izango dute. Beste alde batetik, XIV. Adinekoentzako jokoen olinpiadak Santakurtzen barruan egingo dira irailaren 12an. 11:00etan hasi eta bi ordu eta erdiz luzatu ohi da ekintza, eta 14. edizioan Galdakaoko adinekoen zentroen arteko txapelketa egingo da, bai eta parte hartu nahi duen adineko guztien arteko txapelketa ere. Kasu honetan ez da aurretiaz izena eman beharrik.
"Horiez gain, adineko pertsonen beharrei erantzuten die zerbitzuak. Aisialdirako jarduerak proposatzen ditu, IMSERSOko bidaien inguruko informazioa eta jubilatu eta pentsiodunentzako informazioa (Terma programan, garraioetako deskontuak…) eskaintzen du eta orotariko kontsultak eta aholkularitza ematen ditu", azaldu dute Udaletik.
Hori guztia astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan 10:00etatik 13:30etara eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara Gizarte Ekintzako bulegoan (Pontzi Zabala 3-a, Ardantza Parkean) edota 944 010 545 telefono zenbakian.