Galdakaoko Udalak Egia auzoan dituen ortu ekologikoak erabiltzeko eskaerak aurkezteko epea zabalik dago. 34 lurzati lau urtez erabiltzeko baimenak banatuko dira eskaera egiten duten galdakoztarren artean. Egiako ortu ekologikoak lantzeko interesa duten herritarrek orain dute eskaerak aurkezteko aukera, irailaren 21era arte. Esan bezala, 34 lursail daude banatzeko, eta eskatzaile gehiago egongo balira, “zozketa bidez erabakiko litzateke esleipena”, aipatu dute Galdakaoko Udaletik.

36 lurzatitan banatuta dagoen saila du Udalak Egian. 40 eta 50 metro karratuko arteko azalera du zati bakoitzak, eta ortu gisara erabiltzeko prestatuta daude, partzela indibidualizatu gisara. Instalazio eta gune partekatuak ere baditu: aldagela, takilak, dutxa eta komuna dituen instalazioa eta nekazari lanabesak biltzeko eremu itxia.

Zentzu honetan, lurzati horietako 34 herritarren artean banatuko ditu aurki, “interesdunen artean zozketa eginda, eta beste bi partzelak gizarte hezkuntza proiektuetarako gordeko ditu”. Erabiltzeko baimena lortzen duten 34 herritarrek lau urtez erabili ahalko dute egokitutako lur zatia. “Banaketan parte hartzeko beharrezkoa izango da, besteak beste, Galdakaon erroldatuta egotea, adin nagusikoa izatea eta Galdakaoko Udaleko zerga ordainketak egunean izatea”, diote. Bizileku bakoitzeko ezingo da lursail bat baino gehiago erabiltzeko baimena eskuratu.

Bestetik, bertako ortuak praktika ekologikoen arabera lantzea ezinbesteko baldintza da, eta horretan laguntzeko, Udalak nekazaritza ekologikoei buruzko ikastaroa emango die erabiltzaileei.

Eskaerak irailaren 21 arte egin daitezke Galdakaoko Udaleko web orrian. www.galdakao.eus webgunean “Izapideak” atalean sartu, “Hirigintza eta Ingurumena” saila aukeratu, “Egoitza elektronikoa” klikatu, eta eskaera orria bete ondoren, “Eskaera orria aurkeztu” aukeran txertatu behar da eskakizuna. Dena den, eskabideak egiteko zailtasunak izatekotan ESAN bulegoan laguntza emango da, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:15era.