Eibarko Udalak 946.000 euroko aurrekontua bideratu egingo du, BEZa barne, Ubitxa kalearen eta San Kristobal auzoaren arteko irisgarritasuna hobetuko duen bigarren igogailu publikoa eraikitzeko. Lehenengo igogailua eraikitzeko lanak oraindik daude martxan, eta aurreikusita dago bigarren igogailu honen lanak 50 astekoa izatea, gutxi gorabehera. Udalak dagoeneko atera ditu obrak lizitaziora, eta otsailaren 14ra arte egongo da zabalik enpresek eskaintzak aurkezteko epea. Igogailua 2022ko lehen hiruhilekotik aurrera hasiko dira eraikitzen.

Ubitxa eta San Kristobal kaleak elkartzeko lehenengo igogailua eraikitzeko lanak joan den azaroan hasi ziren, Udalak egiteko hori Obras Especiales Construcción e Infraestructuras enpresari 586.897 euroan adjudikatu ondoren, eta obrak egiteko 46 asteko epea emanez.

Horrela, igogailu biek oinezkoentzako ibilbide bat osatuko dute inguru horretako etxebizitza guztientzat. Bigarren igogailuaren atea 4 zenbakiko pegoraren ondoan kokatuko da, gaur egun Ubitxako 4 eta 6 pegora edo atarietara eta San Kristobaleko 21era ematen duten arrapalak eta eskailerak dauden eremuan.

Igogailu horrek hiru sarbide izango ditu, pasaguneekin eta arrapalekin, pegoretara hirigintza-trabarik gabe sartzeko. Igogailu batetik bestera 40 metro inguru daude.

Igogailu biak martxan jartzen direnean konpondu egingo da Eibarko alde horretako irisgarritasun zaila, aldapa eta desnibel handikoa.

Ahalik eta bizilagun gehienei zerbitzua emango dien jarduketa honek ahalik eta eragin txikiena sortuko du ingurunean.