Deseskalatzearen bigarren etapa hasiko da gaur Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan. Egunotan bertako inzidentzia 68,7koa da. Etxeratze agindua arratsaldeko zazpietatik gaueko bederatzietara atzeratuko da gaur eta gainera saltokiek, merkatal gune handiek, terrazek eta kulturguneek ateak ireki ahal izanen dituzte. Ostalari batzuek eramateko janaria saldu ahal izan dute baina sektorearen ateak hetsiak egon dira joan den urriaren 29tik.

Ekainaren 9a arte hartzen ahal duten jendearen erdiak baizik ezin izanen du sartu terrazetara eta mahai bakoitzean ezin izanen da sei lagun baino gehiago egon. Taberna eta jatetxe barnean ezin izanen da bezerorik hartu hiru astez oraindik. "Irekiera mugatua da baina lehen urratsa da. Argi izpia ikusten dugu orain. Hori bai, euririk ez badu egiten" dio Jérôme Etxebarne Lekorneko ostalariak. "Piskanaka lanean berriz hastea baikorra da udako denboraldia prestatu eta erritmoa hartzeko" gehitu du Annie Ibarra Senpereko ostalerrak. "Gutxienez terrazak irekitzea gauza ona da. Lanean aritu behar dugu Frantziako gobernuak eman dizkigun laguntzak itzuli beharko baititugu noizbait" zehaztu du, bere aldetik, Pettan Bordagarai Mauleko tabernariak. Zazpi hilabetez erabat itxita egon ondoren, gaur ostalari batzuek bezeroen uholde handia espero dute lehen orduetatik. "Batzuek mahaiak erreserbatu zituzten aspaldi, azkenean kafea lasai hartu ahal izateko".

Dena den, ostalari ainitzek zailtasunak dituzte langileak hartzeko orain profesional gutxik nahi baitute arlo horretan lan egin. "Pandemia hasi zenetik batzuek langabezian egoteko ohitura hartu dute, beste batzuek lanbidez aldatzea nahiago izan dute eta askok zailtasunak dituzte etxebizitza lortzeko lantokiaren ondoan" azaldu du Ibarrak. Baionako herriko etxeak terrazak haunditzea proposatu die ostalariei eta bertako hautetsiek zergak arintzen segituko dutela hitz eman dute. Udalaren arabera, 530.000 euroren zerga apaltzea egin da jadanik. Hendaia, Senpere eta Uztaritze bezalako herrietan ere hautetsiak saiatzen dira ostalariei erraztasunak ematea. Ostalariek protesta asko egin ondoren, Euskal Hirigune Elkargoak ere tokiko zerga batzuk arintzeko konpromisoa hartuko du datozen egunetan.

Ekainaren 9an urrats bat gehiago eginen da ostalaritzan terraza osoak erabili ahal izanen baitira. Egun horretan, bezeroek ostatuen barnera sartzeko aukera izanen dute ere eta mahai bakoitzean, gehienez, sei lagun hartuko dituzte. Berineko hesiak jarri behar izatea kritikatu dute ostalari batzuek gastu handia baita.

Bestalde, kulturguneek ere ateak ireki ahal izanen dituzte gaurtik eta bertan ere jende asko egotea espero da. Ostalaritza bezala, museoak, an-tzokiak eta zinemak osoki hetsiak egon dira dira joan den urriaren 29tik. "Pozik gaude baina guda berria hasiko dugu areto bakoitzean aulkien %35 baizik ezin izanen dugulako erabili hasiera batean" dio Xabi Garat Donibane Lohizuneko Select zinemako jabeak. "Gainera, ekainaren 9a arte etxeratze agindua arratseko bederatzietan denez, gauez ezin izanen dugu lanik egin". Zazpi hilabetez osoki hetsiak egon diren aretoak prestatzen ari dira publikoa berriz hartzeko. Kalakan hirukoteak bezala Ipar Euskal Herriko artistek emanaldiak hegoaldean baizik ezin izan dituzte eskaini azken hilabeteetan. Orain Kalakanek bi kontzertu eskainiko ditu Senperen asteburuan. Dantzalekuetako jabeak oso kezkatuta daude gobernuak ez baitu irekitzeko egunik finkatu gaueko sektore horrentzat. Hautetsi batzuek dantzalekuak zabaltzeko eskatu dute iazko udan han eta hemen izan ziren baimenik gabeko jai erraldoiak ekiditeko.