BILBO. Joan den asteazkenean, apirilak 14, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle ohien sareak, EHUalumni izenekoa, bost urte bete zituen. Sarea dagoeneko 8.500 ikasle ohiek osatzen dute.

Asteazkenean, duela bost urte, Euskal Herriko Unibertsitateko 400 tituludun hurbildu ziren Bizkaia Aretora, EHUalumniren, hots, garai hartan sortu berria zen UPV/EHUko ikasle zahar eta ohien sarearen aurkezpenean parte hartzera. Ospakizuneko protagonistetako batzuk Aitziber Garmendia, Ibon Gaztañazpi, Jon Maya, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Kirmen Uribe, Mari Luz Esteban, Bittor Rodriguez eta Irrintzi Ibarrola izan ziren, eta oroitzapenak eta esperientziak partekatu zituzten Belen Frau, Borja Sorazu, Joseba Jauregizar, Iraia Iturregi, Nélida Zaitegi, Mauri Lazcano, JJ Sanz eta Pedro Esnaolarekin, besteak beste. Horiek guztiak 1980az geroztik UPV/EHUn titulazioa lortu duten eta euren lanbide jarduna arlo desberdinetan betetzen duten 300.000 pertsona baino gehiagoren ordezkari ziren.

"EHUalumnik oso pertsona desberdinak elkartu ditu eta gure unibertsitateko partaide izatearen eta gure unibertsitatearekiko leialtasunaren sentimendua indartu du. Ideologia eta sinesmen guztietako pertsonak, jatorri sozial eta ekonomiko desberdinetakoak eta lanbide guztietakoak, UPV/EHU izan denaren eta gaur egun denaren adierazgarri gara", esan du Iñigo Lamarcak, ekimen hau sortu zenetik EHUalumniko presidente denak.

Hasiera-hasieratik, EHUalumnik abian jarri zituen parte hartzen duten pertsonentzat eta unibertsitatearentzat aberasgarri den lotura pertsonalen, profesionalen eta sozialen sarea sortzeko diseinatutako programak. Lau programa nagusi daude: Mentoringa, Trebakuntza Eskola, Enbaxadorea eta Cicerone.

Mentoring programak lan arloan urteetako esperientzia duten profesionalak eta titulua lortu berri duten pertsonak lotzen ditu azken horiei laneratzen laguntzeko eta horretan bideratzeko, orientabidea baino zerbait gehiago eskainiz. Aurten, laugarren edizioan, 57 bikote ari dira parte hartzen Mentoring programan, eta urte hauetan 162 bikotek parte hartu dute prozesu honetan, gidatuen laneratzea hobea izan dadin. Gidari gehienek errepikatu nahi dute esperientzia, ideia berriak dituzten gazteekin harremanetan jartzeko eta norberari buruzko gogoeta egiteko eta gehiago ikasteko aukera paregabea dela uste dutelako.

"Giza baliabideen arloan dudan esperientziari esker, Mentoring programak aukera eman dit lanbide karrera hasten ari diren pertsonei beren lanbide ibilbidean orientatzeko, baina, era berean, Unibertsitate honek bere garaian eman zidan prestakuntza eta ezagutza gizarteari itzultzeko eta gizartearekin partekatzeko aukera eman dit", azaldu du Javier García Mateok, AZTIko Talentua Erakartzeko eta Garatzeko Sailekoak eta azken lau edizioetan EHUalumniko gidari izan denak. Patricia Romillo gidatua izan zen 2020an. "Oso esperientzia baliotsua, aberasgarria eta guztiz gomendagarria izan da. Nire gidariak, Joseba Garcia Arcarazek, nire ideiak antolatzen eta nire zalantzak argitzen lagundu zidan, eta, horrela, nire helburu profesionaletan eta nire talentuaren sustapenean jarri ahal izan dut arreta. Haren laguntzari eta gure bilerei esker, programaren hasieran jarri genituen helburuak lortu nituen".

Askoz pertsona gehiagok, 600 pertsonak baino gehiagok egin dituzte Trebakuntza Eskolaren doako ikastaroak, eta era askotako gaiei buruzko ezagutzak eguneratu ahal izan dituzte; esate baterako, Linkedin, Comunicación edo Lean baliabideei buruzkoak. Tailer edo hitzaldi guztiak EHUalumnik eman ditu; bertako partaideek beren denbora eta esperientzia modu altruistan eskaintzen dituzte, gure unibertsitatearen leloari ohore eginez: "Eman eta zabal zazu". María Erkoreka Erkoreka Consultores-eko, LanWay-ko eta academiaope.com atariko zuzendari nagusia da. "Arrazoi askok bultzatu ninduten EHUalumnin ikastaro bat ematera, baina bi dira funtsezkoak. Lehenengo arrazoia da oso harro nagoela UPV/EHUko ikasle ohien sare honetako kide izateaz eta bigarrena da UPV/EHUn jaso nuen prestakuntzari esker ekin ahal izan niola nire lanbide ibilbideari giza baliabideen arloan, oso gustuko dudan eta nire ahalegin guztiak eskaintzen dizkiodan arloan, alegia. Badakit ikasketak amaitu berri dituzten pertsonek zailtasunak dituztela laneratzeko eta beti jarri nahi izan dut, orain jarri nahi dut eta etorkizunean ere jarri nahi izango dut nire aletxoa hain zaila izan ez dadin". Beraz, gehitzeko modu bat lan merkatuari buruz zituen ezagutzak ematea zela pentsatu zuen, bilatzaile batek zer eskatzen duen, lehen CVa, Linkedin-en profil bat nola egin, lehen elkarrizketari nola aurre egin€ "Plazer handia izan da nire unibertsitateko tituludun berrien enplegagarritasuna hobetzen lagundu ahal izatea" gaineratu du.

EHUALUMNI, MUNDU OSOAN ZEHAR

Cicerone, EHUalumniren kanpoko sarea, bost kontinenteetan dago. Oraingoz 64 pertsona daude prest Alemaniara, Australiara, Txilera, Txinara, Estatu Batuetara, Frantziara, Ekuatore Gineara, Indonesiara, Japoniara, Marokora, Mexikora, Moldaviara, Pakistanera, Errusiara eta beste herrialde batzuetara joaten direnei laguntzeko; guztira 38 helmuga dira, Egipto ere sartu baita duela gutxi. Cicerone programa osatzen duten tituludunek kokatuta dauden herrialdeari, eremu geografikoari edo erakundeari buruzko esperientzia eskaintzen diote EHUalumni sareari.

Aurten, gainera, Graduondoko Sare Latinoamerikarreko tituludunak EHUalumnin sartzea bultzatuko da. Sare hori, gaur egun, 17 unibertsitate latinoamerikarrek osatzen dute. UPV/EHUk master ofizialak eta doktorego programak ematen ditu eta doktorego tesiak zuzentzen ditu unibertsitate horietan. Sareko tituludun asko profesionalki nabarmendu dira beren eremuetan. Besteak beste, honako hauek aipa ditzakegu: Franklin García Fermín, Dominikar Errepublikako Goi Mailako Hezkuntza, Zientzia eta Teknologiako ministroa eta Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoko errektore ohia; Jean Paul Benavente García, Cuscoko (Peru) eskualde gobernadorea; Augusto Jordán Rodas Andrade, Guatemalako Giza Eskubideen prokuradorea; eta Carlos Newton de Souza Pinto, Brasilgo Lan Arloko epaile federala.

Baina EHUalumniko partaide izateak abantailak ditu programetan parte hartzen ez dutenentzat ere; esate baterako, deskontuak graduondoko askotan, udako ikastaroetan eta hizkuntzen egiaztagirietan. Edo pandemia iritsi arte, Saltillo belaontzian, Euskal Herriko Unibertsitateko eskola-itsasontzian, uda guztietan zozkatzen ziren itsasaldiak. Edo UPV/EHUren jarduerari buruz eta haren eremu interesgarriei buruz egunean egoteko aukera posta elektronikoko postontzietan astero jasotzen duten informazioaren bitartez.

"Gure unibertsitateko andre-gizonak erreferente dira arlo sozialean, ekonomikoan, politikoan eta kulturalean. Beren esperientzia eta ezagutzak ematen dizkiote euskal gizarteari eta, gainera, belaunaldi berrientzako gida dira. Horregatik, gure balioa pertsonak direlako, sare hau sortu zen eta lanean jarraituko du Euskal Herriko Unibertsitateko kide izatearen harrotasuna sustatzeko. Euskal Herriko Unibertsitatea euskal gizartean errotuta dagoen unibertsitate publiko bat da, baina mundura irekita dago, lidergo intelektuala du eta konprometituta dago etikoki eta sozialki", azaldu du Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.