TOLOSA. Tolosako Udalak abiaraziko duen 'zilarrezko haria' izeneko doako proiektuak telefono bidez laguntza eskainiko die herrian bakardade egoeran dauden adineko pertsonei. Proiektu honen helburua pertsona horiek bakarrik ez sentitzea da.

Nagusilan adinekoen gizarte-boluntariotza elkarteak indartuko du proiektua Tolosan, Eusko Jaurlaritzaren eta Tolosako Udalaren babesarekin, osasun krisian zerbitzuaren eskariak nabarmen gora egin baitu bakardareari aurre egiteko.

Bakardade egoeran dauden adineko guztiek erabil dezakete 900 713 771 telefono zenbakia, astelehenetik ostiralera 10:30etatik 13:00etara eta 15:30etatik 17:00etara, ostiraletan goizez bakarrik. Lehen aldian, izena eta telefono zenbakia adierazi behar dira eta ondoren boluntario batek deituko dizu. Posta elektroniko bidez ere eman daiteke izena hilodeplata@nagusilan.org helbidera idatzita.

AURREZ AURREKO LAGUNTZA ZERBITZUA

Nagusilan-en eskaintzen duen telefono bidezko laguntzaz gain, badago Tolosan adinekoen bakardadeari aurre egiteko aurrez aurreko laguntza programa: Adinkide. 2020an jarri zen zerbitzua martxan adiskidetasun harremanen bidez bakardade egoeran dauden adineko pertsonen ongizatea hobetzeko helburuarekin.

Hiru modutara hartu daiteke parte Adinkiden:

  • Aurrez aurreko laguntza: astean gutxienez 2 orduz elkartzen dira adineko pertsona eta Adinkideko boluntarioa paseatzeko, hitz egiteko, etab.
  • Telefono bidezko laguntza: telefono, bideo-dei edo posta bidezko harremanak sortzen dituzte boluntarioek eta adinekoek.
  • Bizilagun handiak: bizilagun eta auzotarren arteko harremanak sustatzen dira, adineko pertsonak beren inguruan bizi diren bizilagun boluntarioekin harremanetan jarriz.

Parte hartzaile guztiak "ekintza-talde" bateko kide izango dira eta Adinkidek antolatutako auzo-topaketetan edo irteera kulturaletan parte hartu ahal izango dute guztiek. Informazioa eskuratzeko 676 197 354 telefonora deitu, tolosa@adinkide.org helbidera idatzi edo Emeterio Arrese eraikinean kokatuta dagoen Adinkide bulegora bertaratu daiteke.