- Koronabirusaren enbata helduko zela jakin baino lehenago kaleratu zuen Kike Amonarrizek Euskararen bidegurutzik saiakera, non egiazko normalizazioa edo biziraupen sinbolikoa jokoan zeudela argudiatzen zuen. Pandemiaren astindua jaso ondoren, inflexio-puntuaren ideia indartu dela uste du: izan ere, irabazitakoa oso zaurgarria den era berean, euskarekiko atxikimendua oso handia dela frogatu da. Euskaraldiaren prestaketa lanetan murgilduta dagoen bitartean, krisitik ateratzeko erabiliko diren estrategietan euskara kontuan hartzea aldarrikatzen du.

'Euskararen bidegurutzetik' idatzi zenuenetik normalizazioan egonkortzeko pausoak eman dira edo galbidera goaz?

—Liburua idatzi nuenetik parentesi bat zabaldu da koronabirusarekin eta bidegurutzearen ideia indartu da. Horrek ikaragarri mugatu ditu euskararen inguruko jarduera eta politika guztiak. Ikusi dugu irabazi duguna oso zaurgarria dela; oso nabarmena da familia erdaldunetan bizi diren haur eta gazteen artean, esaterako. Eskola ezinbestekoa da hizkuntzaren ezagutza hobetzeko, baina partidaren zatirik garrantzitsuena eskolatik kanpo ari da kokatzen.

Zer gehiago azaleratu du?

—Ikus-entzunezkoek, sare-sozialek... lehen zuten indarra oraindik ere areagotu egin dute eta hor euskararen presentzia txikia eta eskasa dela ikusi dugu. Bestetik, hainbat eragilek eta erakundek euskara zein erraz baztertu duten ikusi dugu, horrek bistarazi digu euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko mekanismoak ez zeudela behar bezala jarrita.

Eta indargunerik agerrarazi al da?

—Bai, euskararekiko atxikimendua bizirik eta indartsu dagoela ikusi da Etxealditik Euskaraldira ekimenarekin edo euskarazko hainbat hedabideren kontsumoaren inoizko tasarik altuenekin, adibidez.

Bidegurutzea hor dago, hortaz.

—Kontua da: krisi honetatik atera-tzeko erabiliko diren estrategietan euskara indartzea ere txertatuko da ala bazter batean utziko da? Hor joka-tzen da gure etorkizunaren zati handi bat. Oso garrantzitsuak izango dira hurrengo hilabete eta urteak. Euskaraldia aldarri bat izango da erakusteko euskararen biziberritze prozesua indartzen jarraitu behar dugula.

Euskararen unibertsalizazioan aurrerapausoak eman dira baina hizkuntza akademikoa izaten jarraitzen du hiztun askorentzat.

—Bai, hori da daukagun erronkarik handienetako bat. Hego Euskal Herrian 25-30 urte azpikoetan ia ezagutzaren unibertsalizaziora heldu gara, baina erabilerarako jauzia handia da. Ezinbestekoa da eskolan egiten den lana eskolatik kanpo babestea. Batetik, eremu ez formalean, alegia, eskaintzen zaizkien zerbitzu, produktuetan, euskara erabiliz. Jauzi inportante bat eman daiteke hor.

Eta bestetik?

—Bigarren esparrua lan mundua li-tzateke. Haur eta gazteak zertarako ari dira euskaraz ikasten gero ez badizkiegu baldintzak bermatuko euskaraz ere lan egin ahal izan dezaten? Bi esparru horietan lan egin behar da hezkuntzan egiten den lana babesteko eta hor dauzkagun hutsuneak ere estali ahal izateko.

Telebistan ibilbide luzea duzunez gero, euskarazko entretenimendu gehiago behar dela uste duzu?

—Bai, dudarik gabe. Ikus-entzunezkoen esparruan EITBk jokatzen duen papera indartu beharko litzateke, haur eta gazteekiko eskaintza eta euskarazko eskaintza indartuz. Erantzukizunaren zati bat Euskal Herriko administrazioari dagokio eta beste zati bat espainiar Estatuari. Legez dagokio eta ez du betetzen. Euskaraldiarekin haur eta gazteekin lanean ari diren eragileek euskarazko dinamikak ugaltzeko duten eran-tzukizuna aldarrikatu nahi da.

Beharrezkoa litzateke euskara Netflix bezalako plataformetan txertatzea, esaterako?

—Hor ahaleginak biderkatu egin behar dira, nahiz eta konpetentzia oso zaila izan. Beste maila bateko aliantzak ere egin beharko dira, Europako hizkuntza gutxitu eta txikiagoen artean. Estatuen erantzukizuna ere sartzen da hor. Momentu honetan dauden aukera teknikoen bidez, ez da zaila ikus-entzunezkoen eskaintzan euskara txertatzea, dela azpitituluen edo bikoizketaren bidez.

Beste esparru garrantzitsu bat eremu digitala da.

—Zorionez, hor euskara oso aurrean ibili da. Nazioartean aintzatetsia den sare profesional bat daukagu eta horri esker euskarak maila digitalean presentzia nabarmen samarra dauka. Elkarlan publikoa eta pribatua klabea izan da horretan. Wikipedian Europako hainbat hizkuntza Estatutan baino euskarazko artikulu gehiago daudela esanten dudanean, jende asko harritu egiten da. Euskal komunitateak daukan bizi indarraren froga da.

Europako beste hizkuntza murriztu batzuk baino aurrerapauso handiagoak eman ditu euskarak.

—Bai, eta erantzukizun bat daukagu. Mundu osoko hizkuntza gutxitu asko euskarari begira daude bere biziberritze prozesuak diseinatzeko. Motibagarria da, baina bada erantzukizun bat ere. Hizkuntza komunitate gutxituetako ordezkariek esan izan digute ezin diegula huts egin; alegia, gure biziberritze prozesuak atzera egingo balu kaltea ez genukeela nozituko bakarrik euskaldunok. Horrek ere gure posizioa markatzen du munduko beste hizkuntzen artean.

Zertan jartzen dute arreta?

—Ea nola lortu den hiztunen kopurua handitzea, estandarizazio prozesua, hizkuntza hainbat funtziotara egoki-tzea€ Guretzat oso normalak diren gauzak oso ezohikoak dira munduko hizkuntza gutxitu gehienentzat. Egin genezakeen ekarpenik handienetako bat hizkuntza gutxitu batek biziberri-tze prozesua aurrera eraman dezakeela erakustea da, herritarren kohesioa zainduz eta bertako hizkuntza aniztasuna ere errespetatuz.

Euskaraldiak erakutsi digu noizean behin hiztunak xaxatzea onuragarria izan daitekeela.

—Bai, ekarri du ilusioa, kontzientziazioa. Masiboki egitean, Euskal Herri osoan, hiztunen arteko konplizitatea sortu du, baina baita hizkuntza ohiturak aldatzeko babes sentsazioa. Aurten ariguneetara jauzi egingo dugunez dinamika hori norbanakoetatik era guztietako entitateetara zabaldu nahiko genuke. Astinduak behar ditugu maila pertsonalean eta kolektiboan ere ohiturak aldatzeko.

Bigarren edizioaren helburua zein izan beharko litzateke?

—Aldaketarik nagusiena da norbanakoetatik entitateetarako jauzia egingo dugula, herritarrak egituratuta dauden era guztietako elkarte, enpresa eta erakundeetara. Beraz, hor badaukagu bigarren helburu nagusi bat eta konturatu behar dugu, gainera, zein egoeratan egokitu zaigun: koronabirusak muga ikaragarriak ekarri dizkigu. Pertsona eta erakunde asko oso gaizki ari dira pasatzen, hainbat denda itxi egin da€ egoera dramatiko batetik gatoz eta horrek prestaketa lana mugatu du.

Hala ere, aurrera jarraitzen du.

—Ikusi dugu badagoela sentimendu bat: koronabirusak ezingo du Euskaraldia geldiarazi. Planteatu genituen helburuak, orokorrean, lortzen ari gara. Eta are gehiago, sorpresak ere hartu ditugu: aurreko edizioan baino udalerri gehiagok hartuko dute parte. Bestalde, milaka entitatek eman dute izena: 25.000 arigune osatu dira horietan. Hurrengo helburua ahalik eta izen-emate handiena lortzea da.

Eta Euskaraldiak egunerokotasunean jarraipena izatea.

—Egin kontu zer proposatzen den: herritarrek inertziaz bizi izan dituzten hizkuntza ohiturak aldatzea. Horrek beharko du prozesu luze bat. Baina aurreko Euskaraldiak erakutsi zigun eraginkorra izan zela ohiturak aldatzeko, eta, gainera, horietako asko egonkortu egin zirela: alegia, Euskaraldia bukatu eta hiru hilabetera erabilera maila hobea geneukala.

"Krisitik ateratzeko erabiliko diren estrategietan euskara indartzea ere txertatuko da ala bazter batean utziko da?"

"Mundu osoko hizkuntza gutxitu asko euskarari begira daude bere biziberritze prozesuak diseinatzeko"

"Euskaraldiak hiztunen arteko konplizitatea sortu du, baita hizkuntza ohiturak aldatzeko babes sentsazioa"