BILBO. Munduko literatur hispanismoaren aldizkari hedatuena den Insulak monografiko bat eskaini dio Euskal Literatura garaikideari, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Literaturako katedradun Jon Kortazarrek koordinatutakoa eta Laida Ikerketa Taldeak egindakoa.

"1964an Gabriel Aresti poetak euskal poesiaren diskurtsoa aldatu zuen Harri eta Herri liburua argitaratu zuenean. Poetari omenaldia egin nahi izan diogu eta Harri eta Berri deitu diogu euskal literaturaren globalizazioari eskainitako monografiko honi", adierazi du Jon Kortazar argitalpenaren koordinatzaileak.

Monografikoa, "Harri eta berri: nuevos horizontes de la Literatura Vasca", lau zatitan antolatuta dago. Horrela, euskararen, galegoaren eta katalanaren arteko itzulpenak aztertzen dira literatur sistema bakoitzean. "Aukera berri" horiek zein erakundetan sostengatu eta hazi diren ere aztertzen da. Era berean, XXI. mendearen hasieratik ezagutzera ematen ari diren idazleen promozio berria alderatu dute. Monografikoa, amaitzeko, gaur egungo euskal literatur sisteman interes argia erakusten duten hiru esparrutan zentratzen da: emakumearen idazketa, gerra zibilari buruzko literatura, eta haur eta gazte literatura, gai horiei buruzko ikasketa iberikoen testuinguruan kokatuz.

IDAZLEEN PROMOZIO BERRIA

"Euskal idazleek lehenengo itzulpen bolada bat ezagutu zuten 1989tik 2002ra, eta, besteak beste Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi eta Arantxa Urretabizkaiaren lanak argitaratu ziren. Horien ekarpenari muzin egin gabe, 2004az geroztik ezagutzera ematen ari diren idazleen promozio berri batean jarri nahi izan dugu arreta, hots, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe eta Eider Rodriguezengan, besteak beste ", azaldu du Kortazarrek.

Aldizkariak, halaber, "aukera berri" horiek eraikitzen joan diren erakundeak aztertzen ditu, hala nola, besteak beste, Literatur Sari Nazionalak eta Kritika Sariak, edo Ameriketako Estatu Batuetako Irakaskuntza Zentro eta Ikasketa Hispaniko edo Iberikoen sailak eta Etxepare Institutua, zeinen eginkizuna euskal hizkuntza eta kultura mundu osoan zabaltzea baita.

Aldizkariaren beste kapitulu nabarmenetako batek Ameriketako Estatu Batuetako ikasketa iberiarren paradigma-aldaketa garatzen du, eredu hispaniar tradizionala baztertzen baitu, zeinaren arabera penintsulako literatura eta kultura gutxituak Gaztelako tradizioa den ardatzaren inguruan baitabiltza beti. Aitzitik, eredu horren ordez, kultura iberiar minoritarioak jartzen ditu ardatzaren lekuan, eta hispanismo ortodoxoa periferiara mugatzen da.