GASTEIZ. Gasteizko adinekoentzako zentro kulturalek 234 lantegi eskainiko dituzte hurrengo ikasturtean. Guztira 2.690 plaza izango dituzte eskuragarri udal zentro horietako erabiltzaileentzat. Urrian hasiko dira ikastaroak.

Era askotako jarduerak biltzen ditu eskaintzak, zeini 10 osasun-parkeen eskaintza gehitu behar baitzaio:

Hezkuntza: sare sozialak, irratia, solasaldiak, mugikorraren erabilera, informatika, argazkigintza digitala, hiri-baratzea eta abar.

Eskulangintza: pintura, altzariak zaharberritzea, harria lantzea, zeramika, marrazketa, eskulanak eta abar.

Norberaren burua zaintzea: mindfulness, zumba, jarrera-heziketa, pilates, ibilaldi osasungarriak, makillajea eta estilismoa, eta abar.

Eszenikoak: dantza, abesbatza, antzerkia eta abar.

Suspertzea eta harremanak lantzea: estimulazioa, psikomotrizitatea eta abar.

Ikaskuntza-prozesuak: pintura, zura lantzea, euskara, ingelesa, informatika, areto-dantza.

Belaunaldien artekoak: ahozko tradizioa, ipuin-kontalariak eta abar.

Erorketen prebentzioa.

“Programazio askotarikoa da, eta zentroen pultsu soziala, kulturala eta jarduerak berreskuratuko ditugu hartara. Zahartze aktiboaren aldeko apustua egiten dugu berriz ere, adinekoentzako ongizate- eta garapen-formula gisa. Eta egungo egoerara egokituz egiten dugu. Hartara, segurtasun sanitarioa zaintzeko neurri egokiak hartzen direlarik gozatu eta ikasi ahal izango dute erabiltzaileek”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Ikastaro eta lantegietan parte hartzekotan, izena eman beharko da aldez aurretik. Ikaskuntza-jardueretan —2. mailatik aurrera— eta belaunaldien artekoetan nahiz erorketak prebenitzekoetan irailaren 2tik aurrera egin ahal izango da.

Gainerako jardueretan —hezkuntza, eskulangintza, norberaren burua zaintzea, eszenikoak, suspertzea eta harremanak lantzea— irailaren 7an hasiko da izena emateko epea.

Kasu batean nahiz bestean, Udalaren webgunearen bitartez egin ahal izango dute erreserba parte hartu nahi dutenek, edo 010 telefonora deituta —945 16 11 00, Gasteiztik kanpotik deitzen bada— nahiz aurrez aurre, adinekoen zentro soziokulturaletan.

Ez da lekuen zozketarik egingo, aurreko urteetan egin bezala, eta izena eman ahala adjudikatuko dira lekuak, zuzenean.

COVID-19

Covid-19k sortutako egungo egoerara egokitu da jarduera-programa. Hortaz, neurri higieniko eta sanitario zorrotzak betetzen direlarik egingo dira ikastaroak eta lantegiak, hots, erabiltzaileen segurtasuna zainduz.

Horregatik, doitu egin da lantegietako parte-hartzaileen kopurua, segurtasun-tarteak mantendu ahal izateko. Sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egingo dira. Ez da izango edonork erabil lezakeen materialik, eta, zentrora sartzean, tenperatura hartuko da, eta eskuen higienea zainduko. Gainera, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea.

DESKONTUAK

Hainbat preziotako jarduerak daude, doakoak direnetatik hasi eta Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin emango diren euskara-ikastaroen 51 euroetara arte.

Udal instalazioetako abonatuek % 40ko murrizketa izango dute prezioan; 65 urtetik gorakoek eta Bat Berezi txartela dutenek % 50ekoa, eta langabeek, berriz, % 15ekoa.