"Gure irtenbideak naturan daude" lelopean

Aniztasun Ekologikoaren Egunarekin bat egingo du bihar Donostiak

21.05.2020 | 12:56
Eremu natural baten artxibozko irudia.

DONOSTIA. Bihar, hilak 22, ostirala, Aniztasun Ekologikoaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan, eta Donostiako Udalak bat egingo du ekimen horrekin. Aurten "Gure irtenbideak naturan daude" lelopean egingo da.

Leloak honako azpimarratu nahi du: itxaropena, elkartasuna eta denok maila guztietan elkarlanean aritzeko garrantzia, betiere etorkizuneko bizitza naturarekin orekan eraikitzeko. Maila guztietan, izan ere hori gogoan hartu behar dugu gure hiriko planeamendua egiterakoan, kontsumitzerakoan, gure etxeak kudeatzerakoan eta gure eguneroko keinu guztietan.

Donostiako Udala eguneroko kudeaketan ideia hau txertatzen ari da poliki-poliki. Ildo horretan, adibidez, honakoak bultzatzen dira:

  • Autokontsumorako hiri nekazaritza ekologikoa: osasuntsua den jarduera hau ezagutzeko aukera gutxi duten herritarrei nekazaritza eta natura hurbiltzeko.
  • Hiria birberdetzea: etxadiko pagoak eta teilatu lauak birberdetzeko proiektua lantzen ari da. Frogatuta dago landarediak, estetika eta bururako onurez gain, beste ingurumen zerbitzu batzuk ere sortzen dituela; hauek oso onuragarriak dira, izan ere, giroa freskatzen du (eguzki energia hartu eta itzala ematen duelako) hezetasuna egonkorragoa mantentzen duelako, eta hain kaltetuta dagoen hiriaren bioaniztasuna ere bultzatzen duelako.
  • Erreken birnaturalizazioa: duela hamar urte baino gehiago errekatxo batzuk berreskuratzen ari gara, dagozkien ezaugarriak izan ditzaten. Askotan, aldameneko lurrak erabili nahian ibaiertzak erabat artifizial bilakatu dira. Erreka horietan ura dabil, baina habitata ez da egokia, eta horregatik bere beharra duten landareek eta animaliek ezin dute han bizi. Elementu horiek guztiak kentzen saiatzen ari gara, eta behar denean, naturalago diren teknikak erabiltzen ari dira, beste material batzuk erabiliz (harriak, enborrak edota landaredia).
  • Artikutzako urtegiaren hustuketa: inongo funtziorik gabeko azpiegitura hau indargabetu eta, hemen ere bai, naturari utziko diogu bere lana egiten. Horrekin, habitatak eta sistemak lehen baino modu egokiagoan lan egingo dute. Izan ere, hustutako eremuan landaredia oso indartsu dator eta, dagoeneko, basakatu bat ikusi dute eremu horretan.