TOLOSA. Koronabirusaren krisiak eragindako konfinamendu garaiak pertsona ugari utzi ditu euren etxebizitzetan isolaturik. Horiei laguntza eskaintzeko, Tolosak boluntario-sarea antolatu du. Gaur egun, 180 boluntario baino gehiagok osatzen dute sare hau.

Herritarren zaintzarako eta elkartasunerako sareak beti izan dira beharrezkoak, baina egungo egoera ikusita, ezinbestekoa bilakatu da dauden sareak indartzea eta berriak sortzea. Konbentzimendu horretatik sortzen da "Zaintza sarea Tolosa" ekimena, egungo larrialdiari erantzungo diona eta aldi berean, denboran iraun dezakeena.

Tolosako Udala -Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Gobernantza eta alderdi politiko guztietako udal ordezkariak- Gurutze Gorria, DYA, Babes Zibila, Peñaskal Kooperatiba eta Adinkide-, eta Tolosako Auzolanean boluntario sarea dira Tolosako Zaintza Sarea ekimenaren partaideak eta Tolosaldeko Asanblada Feminista ere gonbidatua izan da. Erakunde bakoitzak bere esparrutik erantzuten die eta erantzungo die herritarren beharrei, baina hainbat dimentsiotan eragiten duen krisi honen aurrean indarrak batzeko eta eremu ezberdinetan laguntza eskaintzeko sortzen da ekimena.

“Zaintza sarea Tolosa”ko kideak egunero biltzen dira -on line- eskura duten informazioa partekatu eta eguneratzeko eta eskaerei erantzuna modu antolatu eta koordinatuan emateko. Egun taldeak esku artean dituen gaien artean:

  • 70 urtetik gorako pertsonen beharrak: beharrak atzematea eta behar horiei erantzutea kalera ateratzeko beharrik izan ez dezaten -erosketak, botikak, zaborra jaistea, etxe-animaliak paseatzea, etab.-. Halaber, Adinkide programaren barruan, bakarrik bizi diren eta hala nahi duten 70 urtetik gorako pertsonei telefonoz laguntzea eta akonpainamendua egitea.
  • Behar bereziak dituzten eta kalteberatasun egoeran daudenen pertsonak eta kolektiboak: larrialdi egoera aurretik ere ahultasun egoeran zeuden pertsonak eta egoera berri honetan babes eta elkartasun berezia behar dutenak. Peñaskal Kooperatiba da alor honetan laguntza sarea kudeatuko duena.
  • Indarkeria matxista jasaten duten emakumeak: udaleko Gizarte Zerbitzuek jada identifikatuta dituzten kasuetatik haratago larrialdi egoera honetan indarkeria matxista jasaten ari diren emakume gehiago egon daitezke, horien identifikazioan lagundu eta komunikazio kanalak areagotuok dira, udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren sailaren gidaritzapean.

Gurutze Gorriak, DYAk, Peñaskalek, Babes Zibilak eta Adinkidek -etorkizun hurbilean ekimenera batu daitezkeen beste zenbait erakunderen artean-, Tolosako auzolanean boluntariotza-sarearen laguntzarekin, ekimen hau antolatu eta koordinatuko dute, zerbitzu eta proposamen guztiek horiek aurrera eraman ahal izateko nahikoa pertsona dutela ziurtatzeko.

BOLUNTARIOEN ZEREGINAK

“Tolosa Auzolanean” boluntarioen taldeak jasotako informazioarekin laguntza sarea honako arloak indartzera bideratu da:

  • 1. taldea: elikagaiak eta sendagaiak erostea, zaborra botatzea edo beste edozein kudeaketa edo izapide mota, Gurutze Gorriarekin batera.
  • 2. taldea: adineko pertsonei tele-laguntza ematea Adinkiderekin batera.
  • 3. taldea: Peñaskalek eskatuta, pertsona eta kolektibo ahulekin edo bazterkeria egoeran dauden pertsonekin lotutako ikasketak edo esperientziak dituzten herritarrak atzematea eta etorkizunean horiek laguntzeko prest egongo liratekeen identifikatzea, Peñaskalek eskatuta.

“Auzolanean Tolosa” boluntarioen taldetik nabarmendu nahi dute zaintza eta elkartasuneko ekintza eta proposamen kolektiboak lehenbailehen sortzea inoiz baino beharrezkoagoa dela, eta horregatik, aipatu taldeak beste hainbat gai lantzeari ere ekin dio: elikadura-subiranotasuna, km0 kontsumoa, lehen sektorearekiko laguntza eta lankidetza 28 Kanalaren egitasmoa (arrail digitala ere buruan izatea), etab.

Udalak 010 telefonoa jarri du herritarren eskura edozein zalantza argitu edota beharrak helarazteko: erosketak egitea, elikagaien bankua, akonpainamendu beharra, etab.-. Edozein premia izanez gero 010 zenbakiaren bitartez udalarekin harremanetan jartzea gomendatzen da, beharrak jaso eta gero horiek bideratu ahal izateko.