BILBO. EU Kids Online nazioarteko behatokiak Europako 19 herrialdetako haurrek internet nola erabiltzen duten ikertu du azken txostenean. Bertan, Espainiako haurrek egunero interneten hiru ordu baino gehiago ematen dituztela argitaratu dute.

Internet Seguruaren Egunean argitaratu den txostenak argitara dakar, bestalde, haurrek online ematen duten denbora aldatu egiten dela, bi ordu (Suitza) eta hiru ordu eta erdi (Norvegia) artean. Espainian, denbora hori egunean 3,1 ordukoa da. Europan Internetek haurrei eskaintzen dizkien aukerak eta dituen arriskuak azaltzen ditu EU Kids Online 2020: 19 herrialdetan egindako inkestaren emaitzak txosten berriak. EU Kids Online sareko ekipoak lankidetzan aritu dira 2017ko udazkenetik 2019ko udara bitartean, eta Europako 19 herrialdetako 25.101 haurrei egin diete inkesta.

Ondorio positiboak edo negatiboak izan ditzaketen zenbait arrisku

Europa osoko inkesta honetan, 9 eta 16 urte arteko haurrek Interneten dituzten esperientziak ikertu ditu, honako hauek barne: ziberjazarpena, eduki kaltegarriak ikustea, datuen erabilera okerra, Internet gehiegi erabiltzea, sextinga eta Internet bidez ezezagunekin harremanetan egotea. Ikertzaileen esanetan, sareko jarduerak ezin dira modu orokor eta behin betikoan positibotzat edo negatibotzat jo; izan ere, jarduera berdinak ondorio positiboak izan ditzake haur batentzat eta negatiboak beste batentzat. Horixe da Interneten ezagutu dituzten pertsonekin elkartzean gertatzen dena. Haurren % 5 (Frantzia) eta % 25 (Serbia) artean, sarean ezagututako pertsona batekin elkartu ziren. Kasu gehienetan, pertsona berriak ezagutzea esperientzia positibo eta interesgarria izan zen. Online ezagututako pertsona batekin elkartu ziren adingabeetatik % 52 (Eslovakia) eta % 83 (Espainia) eta % 86 (Errumania) artean, esan zuten pozik zeudela hitzorduaren ondoren. Beste kasu batzuetan, ordea, esperientzia horrek ondoeza eta balizko kalteak eragin zizkien. Herrialde gehienetan, hitzorduetara joan ziren % 5 baino gutxiago gaitzitu ziren asko edo nahikoa.

Irakasleen eta profesionalen laguntza falta

Haurren % 7 (Eslovakia) eta % 45 (Malta) artean deseroso edo gaitzituta sentitu dira sarean gertatutako zerbait dela eta, azken urtean. Horietatik, gehienak esan du noizbehinkako zerbait zela; urtean gutxitan baino ez. Esperientzia negatibo horri nola erantzuten dioten galdetuta, gehienak esan du gurasoei edo lagunei kontatu zietela, baina oso gutxitan kontatu zieten irakasleei edo haurrei laguntzea xede duen profesional bati. Gainera, gutxienez hamarretik batek eta gehienez bostetik batek inoiz edo ia inoiz ez du segurtasunari buruzko aholkurik jasotzen guraso, irakasle edo kideengandik.

Espainiako txosteneko daturik garrantzitsuenak:

Espainiako haurrek eta nerabeek sarean egiten dituzten eta komunikazioarekin nahiz entretenimenduarekin zerikusia duten jarduerek gora egin dute 2015etik hona. Azpimarratzekoak dira lagunekin eta familiarekin komunikatzeko jarduerak (% 70) eta aisialdiko jarduerak, hala nola musika entzutea (% 63), bideoak ikustea (% 55) eta online jolastea (% 46), egunero egiteko joera dutela. Emaitzen arabera, parte-hartzeari eta gizarteari loturiko jardueretan parte hartzeko interesa txikiagoa da. Gainera, neurri txikiagoan bada ere, azpimarratzekoa da Interneten erabilera etxeko lanak egiteko (% 43) eta sare sozialak erabiltzeko (% 37). Eguneroko jarduera horietan, hiru haurretatik batek esan zuten zerbaitek gaitzitu egin zituela sarean, azken urtean.

Gaitasun sozialak eta instrumentalak dira Espainiako gazteen artean hedatuen daudenak; alderantziz, sorkuntza gaitasunak eta informazioaren kudeaketari loturikoak ez dira hain ohikoak. Datu hauek berresten dute beharrezkoa dela eskola bitartekaritza hobetzea. Haurrek sentitzen dute eskolaren parte direla, irakasleen babesa dutela eta haien laguntza jaso dezaketela; hala ere, irakasleek ez dute haurrek sarean egiten dutena gainbegiratzen, eta joera handiagoa dute erabilera mugatzeko (% 39) jarrera proaktiboa izatekoa baino (% 29) adingabeen sareko jarduerei buruzko gomendioak ematen dituztenean. Gainera, muga gehiago jartzen dizkiete nerabeei (% 43) oraindik nerabezaroan sartu ez direnei baino (% 33). Horri dagokionez, erabilera seguruagoa xede duten hezkuntza politikak eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako pedagogia aldaketak onuragarriak izango lirateke haurren eta nerabeen gaitasun digitalak garatzeko.

Aipagarriena: neskek arrisku handiagoa dute

Neskato nerabeen artean, altuagoa honako eduki hauek ikusteko maiztasuna, khi karratuaren probaren arabera (p <0,01): auto-lesioak (% 6 nesketan eta % 2 mutiletan), suizidioa (% 5 eta % 1), oso argal egotea -anorexia eta bulimia arazoak (% 4 eta % 1), gizarteko taldeen aurkako gorroto mezuak, etnia, ideologia, erlijioa, sexua edo beste arrazoi batzuk direla eta (% 12 eta % 4). Neskak askoz gehiagotan egin dira egoera deserosoetan Interneten (% 40), mutilen aldean (% 29) (p <0,01). Gurasoek gehiagotan animatzen dituzte mutilak neskak baino sarea arakatu dezaten; aldiz, neskei muga gehiago jartzen dizkiete. Datu horiek bat datoz aurreko emaitzekin eta adierazten dute familietan kezka handiagoa dagoela nesken sareko segurtasunarekiko.

Informazio gehiago

EU Kids Online 2020: Survey results form 19 countries txostenak eguneratu eta sakondu egiten du egun haurrek sarean duten bizitzari buruz genekiena, eta bizitza hori Europan herrialdez herrialde nola aldatzen den islatzen du.

Proiektuari eta inkestari buruzko informazioa

EU Kids Online Europako ikerketa sare bat da, eta xede du europar adingabeek sarean dituzten aukera, arrisku eta segurtasunari buruzko ezagutzak hobetzea. Hainbat metodo erabiltzen ditu adingabeen eta gurasoen online esperientzien mapa egiteko, estatuko eta Europako eragile politikoekin elkarlanean. EU Kids Online kalitate handiko ebidentzia iturri nagusi independente eta osoa da, Europako haur guztientzat Internet hobe eta seguruago bat izaten laguntzen duena. Sare hori 30 herrialde baino gehiagotan ari da lanean eta hainbat diziplina eta metodoko ikerketa esperientzia integratzen du. Azken hamalau urteotan harremanak eratu ditu gobernuekin, hedabideekin, industriarekin, eragile politikoekin eta hezitzaileekin, hala estatuan nola Europan eta nazioartean. Sarearen datuak eta txostenak maiz aipatzen dira erreferentzia gisa araudi politikoetan; gainera, ekimen ugari orientatu dituzte, haurren sareko esperientziak hobetzeko.

EU Kids Online Spain adingabeentzako Internet seguruagoa sustatzeko SIC-Spain europar proiektuko kide ere bada. Proiektu hori Zibersegurtasunaren Institutu Nazionalak (INCIBE) koordinatzen du, IS4K Interneteko Segurtasunaren Zentroaren bitartez. Gainera, CORE (Children Online: Research and Evidence) A COORDINATION AND SUPPORT ACTION WITHIN THE HORIZON 2020 FRAMEWORK izenekoan ere parte hartzen du.