Gernika-Lumo - Ezta herenegun, ezta atzo ere. Astebururako iragarrita zen Michaek Klant artista alemaniarraren Gernika-Lumo eta Berlinen arteko zeru trukaketa ezin izan dute gauzatu. Hori dela eta, antola-tzaileek data berria zehaztu dute. “Datorren udaberrian” egingo dutela adierazi dute. Izan liteke 2020 urteko apirilaren 26an izatea, udalerriaren bonbardaketaren urteurrenean.

Ekimen artistikoa larunbatean gauzatzear ziren bai Gernika Gogoratuz eta Lobak elkarteak, beste batzuek tarteko laguntzaile izan direnak Klanten lana posible egiteko, baina haize bolada gogorrak ez zuten utzi. Berlineko zerua irudika-tzen zuen 100 metro karratuko margolan bat aireratu nahi izan zuten, hegazkin baten bitartez, Gernika-Lumoko zeruan. Ez zen posible izan. “Nahiz eta hegazkina Diman aireratu eta lehendabizi posible zela ematen zuen”, ez zitzaion posible izan margolana behar bezala zeruan barrena eramatea. Bada, bertan behera geratu zen saiakera, segurtasun arazoak medio. Atzokoan ere ez zen posible izan, arrazoi berdinengatik.

Bi zeru lotzeko hegaldia, beraz, hilabete batzuk atzeratuko da. Baina Gernika Gogoratuzeko kideek adierazi zuten moduan, “etorkizunean egiteko proposamena mantentzen dugu. Pena handia izan da, baina saiatuko gara etorkizunean”. Himmelstauch izenburupeko proiektuaren egile den Klant artista ere iritzi berekoa da. “Hegaldia atzeratu zela eta”, hala ere datorren urteko “bonbardaketako urteurrenean” berriz saiatuko direla zehaztu zuen atzokoan, bere interneteko atariaren bitartez.

proiektu berezia Michael Klanten proiektuaren bigarren pausoa da berau, Bizkaian egin behar zena. Izan ere, iragan den apirilaren 26an hegaldia egin zuen, kasu honetan Gernika-Lumoko zerua Berlinenen barrena irudikatuz. Alemaniako Freiburgeko artistarekin lankidetzan aritu dira hainbat pertsona Euskal Herrian, besteak beste Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren irakasle Damari Pan, Astrako Angela Lopez eta Lobak ekimeneko Maitane Azurmendi. - I. F.