Erresistentzia-asmo horri ekin zioten hamarkada luze hartan, lehenengo Katalunian, geroago Frantzian eta Ameriketan ere bai. Lurraldearen barruan, Francoren ostikopean zeudenek, berdin jokatu zuten, kartzeletan, etxeetan, fabriketan eta nonahi; den-denak, atzerrikoak zein barrukoak, buelta noiz etorriko zain zauden, 1936an bertan eta lehenago pentsatutako eta gauzatzen hasitako egitasmoei segida emateko. Horixe zen nahia eta helburu nagusia. Bidea, berriz, Espainiako gerra zibila amaitu ostean, Europan hasi eta munduan barrena hedatu zen gerran, demokrazien aldeko eta Ardatzaren kontrako ahaleginak eta bi egin ondoren etorriko zen (etorri behar zen!) Espainiako diktaduraren porrotaren aurrean prest egoteko. Lehenago dena eman, eta gero zor zitzaiena ordainetan jaso. Hori zen egiazko asmoa, hori zen ustea eta itxaropena. Agirre lehendakariak esan zuen moduan "Gogoratu nahi dugu mundu guztiari lagundu diogula Aliatuek irabaz zezaten, eraginkortasunez eta sakrifizioz, hemen, Aliatuen kausaren alde ari-tzea krimena zen artean. Gogorarazi nahi dugu euskaldunek eta espainiarrek bizia eman zutela Narwiken, Afrikan, Italian eta Frantziaren liberazioan. Orain eskatzen duguna askatasun hori bera da. Gure borondatea adierazteko askatasuna eta, horren arabera, gure helmuga osatzekoa".

Alabaina, 1947an, baziren urte bi Bigarren Mundu Gerra amaitu zela eta Aliatuen eskutik horrenbeste bider agindutako Francoren kontrako ekinbiderik ez zen inondik ageri. Berba onak bai, kondena arinak ere bai, baina benetako ekimenik eta ahaleginik gutxi edo bat ere ez. Horren arrazoia zen Mendebaldeko Aliatuek komunismoari zioten beldurra. Aitzakia, berriz, Aliatuen zalantza; bada, diktaduraren kontrako indar demokratikoak gauza izango ote ziren Franco erori eta demokrazia eraiki bitartean gerta zitekeen anabasa horretan kontrolari eusteko. Izan ere, Mendebaldeko Aliatuen esanetan, kontrol hori hartzeko gai izan ezean, gerta zitekeen komunistek diktadura falangista kendu osteko nahasmena baliatzea ezkerreko erregimena ezartzeko.

Izan ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Jaurlaritzaren jiran batzen ziren euskaldunez gain, mundu osoa, eta batez ere, Europa, ataka estuan zeuden. Nazi-faxisten kontra eratu zen aliantzako partaideak bitan zatiturik zeuden, nork bere eremua prestatzen eta egonkortzen ziharduela, bata bestearen etsai eta borrokarako gertatzen. Gerora Gerra Hotza izenez ezagun egin zen esparru geoestrategikoaren azken hari-muturrak josten.

Horren guztiaren jakitun zela, Jaurlaritzak hainbat urrats emanda zituen euskal demokratak elkartzeko, bai eta espainiar errepublikazaleen arteko ezinikusiak eta aldeak arin-tzeko ere. Lan horretan, Agirre lehendakariak hamaikatxo ahalegin egin zituen adostasunak ontzen, kasurako, euskal alderdi eta sindikatuen artean sinatutako Baionako ituna eta Errepublikako Gobernua eratzeko burutu zituen ekimenak. Agirreren asmoa honetara laburtu zitekeen: baztertu ditzagun banatzen gaituzten aldeak, elkar hartuta kanporatu dezagun Franco, eta geroago izango dugu astia eta aukera denontzako demokrazia adosteko.

Mendebaldeko demokraziak erakartzeko lanean, baina, borondatea ez zen nahikoa, indar erakustaldia ere beharrezkoa zen. Eta ez nolanahikoa. Ekimenak zabala, baketsua, eraz antolatua eta erakundeek zuzenduta izan behar zuen. Istiluek ez zuten inondik inora lekurik izan behar indar erakustaldi horretan. Gauzatu beharreko lana, beraz, ez zen nolanahikoa, kontuan hartzen badugu, gainera, Espainiako diktadurapean ez zela protesta masiborik izan ordura arte. Eta eltzea probatu arte, ez zuten ziur jakingo herriak zelan erantzungo zuen. Dena dela, nazioarteko giroa ikusita, ezinbestekoa iruditu zitzaien lehendakariari eta ingurukoei ahalegina, behin-tzat, egitea.

Protesta esanguratsua prestatzeko "girotze" ekitaldiak aspalditik zetozen, baina 1947ko Maiatzaren Lehenean egitekoa zen ekitaldia berotzekoak urte hartako apirilean gauzatu ziren. Aberri Eguna apirilaren 6an suertatu zen urte hartan, eta Pazko igande hark propaganda banatzeko, jendea mobilizatzeko eta indar erakustaldia egiteko aukera aparta eskaini zuen. Errepublikaren urteurrenak, hilaren 14koak, beste hainbesterako balio izan zuen. Helburu berari lotuta, euskal erresistentziako kideek Donostiako irratian sartu eta mezuak zabaldu zituzten. Ordurako, Urruñatik emiti-tzen hasita zegoen Euzkadi Irratia, eta Ipar Euskal Herritik igorritako mezuak, frankisten ahaleginak ahalegin, Hegoaldeko etxe askotara heltzen ziren. Diktadurapean bizi zen herri hark bazuen susmoa zerbait egin-asmotan zebiltzala. Herriak bakarrik ez, agintari frankistek ere bai, jakina. Izan ere grebarekin lotu daitezkeen lehen atxiloketak lanuztea baino lehenagokoak dira, apirilaren 28koak, hain zuzen ere.

Protesta egiteko deia esku-orriz eta aipatutako Euzkadi Irratiaren uhinen bidez zabaldu zen. Grebarako deialdi ofiziala, berriz, Erresistentzia Batzordeak argitara emandako apirilaren 30eko manifestuan adierazi zen: Agindu orokorra. Langile guztiei! Maia-tzaren Lehena, Lanaren eguna, ospa-tzeko, egun osorako lanuztea aldarrikatzen da. Agindua Jaurlaritzaren Batzorde Eskuordetuarena eta Erresistentzia Batzordearena izan bazen ere, greba burutzeko lana euskal sindikatuen ardura izan zen, hau da, ELA, UGT eta CNTrena eta Bizkaiko industria gune nagusira, Bilbo inguruan hasi eta itsasoraino zabaltzen den Ibaizabal errekaren alde bietara mugatua.

Erantzuna ez zen erabatekoa izan. Ibaizabalen eskuinaldean, grebarekin bat egin zuten Earle, Aguirre, Unquinesa, Mutiozabal, Talleres Erandio eta beste enpresa batzuek. Baina grebaren aldeko erantzunik ez zuten eman Vidrierak, FAESek edo Internacional de Pinturasek. Ezkerraldean, berriz, ez zuten lanik egin La Naval, Astilleros del Nervion, Aurrera, General Electrica Española eta beste hainbat enpresatako langileek. Bizkaiko Labe Garaietan, lanuztea %40ra besterik ez zen heldu. Bestalde, Bilbo inguruko lantegi txikietan, greba erabatekoa izan zen, baina ez Echevarria fabrikan. Bizkaiko gainerako herrietan grebak ez zuen erantzun handirik izan. Meatzaldean bai, meatoki guztiak lanik egin barik geratu baitziren, Orconerako beharginen salbuespena salbuespen. Garraioan, aldiz, ez zen lanuzterik nabaritu.

Ikusten denez, Maiatzaren Lehenerako deitutako greba ez zen orokorra suertatu. Jaurlaritzara igorritako txostenek bazioten 20.000-30.000 langile inguru batu zirela grebara, hau da, deitutako beharginen %30. Informazio hori Ugazaben elkartean, Centro Industrial delakoan, entzundakotzat jo zen. Hala eta guztiz ere, grebalarien erantzuna ontzat eman zuten antolatzaileek. Diktadura denborako lehen greba izanik eta jarrita zituen helburuak aintzat harturik, hau da, langileek Jaurlaritzaren eta sindikatuen aginduak disziplinaz betetzen zituztela egiaztatzea, arrakastatsua izan zen.

Antolatzaileek eta grebalariek bazekiten errepresioa pairatu beharko zutela, baina ez garai hartako Bizkaiko gobernadoreak, Genaro Riestra falangistak, maiatzaren batean bertan jakinarazi zuenaren bestekoa.

Izan ere, Riestraren neurriok ezarri zuten greban parte hartu zuten langile guztiak lanetik kanporatzea eta lan-kontratu kolektiboa bertan behera geratzea; kaleratutako beharginok lehengo enpresan lanean berriro ari-tzeko, zortzi egunen barruan, horretarako eskaria bete behar zuten banan-banan eta eskabideok Gobernu Zibilera igorri behar zituzten enpresek, agintaritzak aztertu eta onartzeko; bestalde, onartutako langileek antzinatasun-eskubideak galduko zituzten; eta azkenik, gobernadoreak enpresei agindu zien, langile berriak kontratatzerakoan, beharginek greba zela eta jasandako zigorrak bete zituztela ziurtatzeko agiria, aurreko nagusiek sinatuta, aurkeztu beharko zutela.

Errepresio-neurri gogor horien aurrean, sindikatuek erabaki zuten Riestraren aginduak inork ez zitzala bete eta greba orokorrerako deia zabaldu zuten. Ondorioz, maiatzaren batean lanuztea egin zutenei hainbat eta hainbat langile batu zitzaizkien, eta langileak ez ezik, hainbat ugazaba ere grebalarien alde agertu ziren, zigorrak arinduz, langileak babestuz eta gobernadorearen jarrera kritikatuz, baina alferrik izan zen. Riestraren erantzuna are gogorragoa izan zen eta atxiloketak ugaritu ziren. Jaurlaritzak hartutako txostenetan esaten zenez, atxilotuak 2.000tik gora (4.000 lagun ere aipatzen da) izan ziren, baina Larrinagako kartzelan lekurik ez, eta polizia-etxeak zein Mazarredo etorbideko Sotaren txaleta izan zena (gaur egun, Athletic Club-en egoitza), ere baliatu behar izan omen zituzten atxilotuak sartzeko. Txostenotan esaten da, era berean, Vista Alegre zezen-plaza prestatzekotan ere ibili zirela zeregin horretarako. Atxilotu gehienak gizonezko langileak ziren, baina emakumeak ere zigortu zituzten beharginak grebara bideratzearren, eta ondorioz, Larrinagan aparteko lekua prestatu behar izan zuten atxilotutako emakumeentzat.

Maiatzaren 5ean, grebak Bilbo eta inguruko mugak gainditu zituen eta Durangaldeko enpresetako beharginak batzen hasi ziren. Hil horren seian, Bilbo eta inguruetara elektrizitatea banatzen zuten zentraletako langileak lotu ziren protestara. Ordurako, portuko zamaketariak, Basconia, Firestone, Dinamita, Pradera eta Galdakao, Basauri eta Deustu inguruko beste hainbat enpresetako beharginak geldirik zeuden. Okinek ere grebarako deia onartu zuten, baina Riestrak jardunean zeuden taxi guztiak atzeman eta langileen etxeetara bidali zituen polizia eta guzti, beharginak laneratzera behartuta. Aurrekoa nahikoa ez balitz, ondoko egunetan lan egin zezaten, laneko txanda amaitu, batera etxera joaten utzi ez eta atxilo hartu zituen gauez berriz ere okindegietara eramateko.

Maiatzaren 7an eta 8an, greba Gipuzkoara heldu zen, Eibar, Elgoibar eta Soraluze aldera. Hurrengo egunetan, ez zen Donostia, Pasaia eta abarretara hedatu, baina ez langileen gogo faltagatik.

Gauzak horrela, Bizkaian milaka langilek zortzi egun zeramaten lanuztean eta protestari eusteko indarrak ahultzen zihoazen. Grebari eustea ezinezkoa zen gehienentzat.

Agirre lehendakariak prentsaurrekoa egin zuen maiatzaren zor-tzian, Parisen, eta greba bertan behera uzteko agindua eman zuen. Langileak agindua bete eta lantegietara itzuli ziren.

Prentsaurreko hartan, Agirrek hauxe adierazi zuen: "Nazio Batuetako potentzia guztiek demokratikoa ez delako eta eroritako faxismoari lotuta egon zelako kondenatzen duten erregimen baten kontra altxatu besterik ez dugu egin euskaldunok. (...) Gure herri altxamenduan, badira askatasunaren aldeko benetako mugimendu baten oinarri positiboak, edozein motatako tirania akabatu nahi dutenak".

Ildo beretik, Joseba Rezolak, euskal erresistentziaren buruak, greba amaitu ondoren, hauxe adierazi zuen Euzkadi Irratitik: "euskal erresisten-tziak erakutsi du bere borondate kolektibo antolatuaren indarra. Agintarien bidegabekerien aurrean, grebara deituz, lanuzteari eutsiz eta protesta zabalduz, argi geratu da diktaduraren kontrako garaipena lortu daitekeela". Eta grebalariei hauxe esan zien Rezolak: "zuen jokabideak behin betiko ukatu du Franco edo desordena! dilema faltsua".

Grebak ondo baino hobeto bete zituen helburuak: baketsua izan zen (nahiz eta Sestaon grebalari bat hil zen argi ez dauden arrazoiengatik), antolatua eta agintarien esanetarakoa. Eta guztiaz ere, ez zen nahikoa izan Mendebaldeko potentzien begien aurrean. Gorago aipatu ditugun arrazoi eta aitzakiek, hau da, orduko geopolitikari lotutako auziek, ez zuten biderik eman Franco bidali eta, haren lekuan, demokrazia ezartzeko. Guri dagokigu orduko langileen borroka gogoratzea eta aurten beteko den 75. urteurrenak horretarako parada ederra eskaintzen digu.

Historian lizentziatua. Sabino Arana Fundazioko Abertzaletasunaren Agiritegiko teknikaria.

Grebarako deialdi ofiziala, berriz, Erresistentzia Batzordeak argitara emandako apirilaren 30eko manifestuan adierazi zen