ZERK egiten du boterea hain erakargarri? Besteen bizitzen gain erabaki dezakezuela jakiteak? Botereagatik edozer egiteko prest egoteko beste balio du horrek? Alor eta eremu guztietan ikusi daitezke boterea lortzeko borroken adibideak. Alderdi politikoak, familiak, bikoteak, gobernuak, futbol taldeak, auzo-elkarteak, musika bandak, kuadrillak… nik dakit. Hauetako edozeinetan boterea lortzeko borroka pizten denean (kasu batzuetan etengabekoa izaten da sugar hori), zaila izaten da ezer eraikitzea. Izan ere, boterea lortzeko borrokek lorpen kolektiboak zapuzteko ahalmena baitute, giza-harremanak arrakalatzeko. Elkarbizitzaren kontrako bonba atomikoak dira, Leopard tankeak baino arriskutsuagoak.

Baina batzuetan ez gara konturatzen benetako boterea ezin dela edozelan lortu, ezin dela erosi, irabazi egin behar dela. Boterea ez dela benetako boterea besteen aitorpenik gabe, autoritate moralik gabe. Ingurukoek onartu egin behar dute zure boterea benetakoa izateko. Eta botere batzuk izaten dira derrigorrez inposatzen zaizkigunak, eta derrigorrez onartzen ditugunak, baina badaude beste botere batzuk konbentzimenduz onartu egiten ditugunak. Botere horiek irabazitakoak izaten dira, legitimazio bat dutenak, eta kasu gehienetan, legitimazioa ematen diegu haien egiteko moduak eta helburuak egokiak eta justuak iruditzen zaizkigulako.

Antzematen badiogu botereari, edo norbaiten botere nahiari, aurrean duenaren zapalkuntza nahi duela, edo botere gorra baldin bada, botere egozentrikoa, beti argazkiaren erdialdean agertu nahi duen horietakoa, orduan onartu diezaiokegu boterea, baina ez autoritatea. Benetako boterea duten pertsonak ez dira besteak gerizpean egotea nahi dutenak munduak beraien distira bakarrik ikusi dezan, baizik eta beraien lanagatik, izaeragatik, jakituriagatik, esperientziagatik, elkartasunagatik, gizartea hobetzeko nahiagatik… gure begirada irabazten dutenak.