12:00etan

Bilboko Udal Musika Bandak abenduaren 22an emango du urteko azken kontzertua

Banda urtarrilaren 10ean bueltatuko da eszenatokira, J.C. de Arriaga Kontserbatorioan

19.12.2019 | 19:56
Bilboko Udal Musika Bandako kideak.

BILBO. Bilboko Udal Musika Bandak hurrengo igandean, hilak 22, urteko azkenengo kontzertua eskainiko du, 12:00etan. Sarrerak 5 euroan eros daitezke jada.

"Begiradak haurtzarotik" titulupean, bertaratzen diren ikusentzuleek Percy Aldridge Grainger, Nigel Hess eta Johan de Meij bezalako autoreek idatzitako obrak gozatu ahal izango dituzte. Doinu hauek, publikoaren txikitako oroitzapenak azaleratuko dituzte eta guztiok barruan daukagun umea ateratzen lagundu.

Sarrerek 5 euroko prezioa izango dute, zenbakidunak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus web orrialdean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratzeko aukera izango da. Igandeko kontzertuaren ondoren, Banda urtarrilaren 10ean bueltatuko da eszenatokira, J.C. de Arriaga Kontserbatorioan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera eskainiko duen Zuzendaritzari buruzko IV.Topaketen amaierako kontzertuarekin, non irakasle gonbidatu gisa, Thomas Doss arituko den.

Oharrak egitarauari buruz

Beharbada, haurtzaroan ikusten dugu itxaropena modurik biluzienean. Dena nahi izaten dugu, dena espero izaten dugu, dena da posible. Konpositore askok bizitzaren aro horretan, mikrokosmos eta espiritu horretan oinarritutako partiturak idatzi dituzte. 1919an, duela ehun urte, Percy Aldridge Grainger maisu australiarrak New Yorkeko Goldman Band-ekin lan alai bat estreinatu zuen: Children's March: "Over the hills and far away".

Berriro ere, musika tradizionala eta bandaren orkestrazio ezberdina eta aldagarria dira literatura klasikoaren lan zoragarri honen ezaugarriak. Lan honek Graingerren maisutasuna erakusten du, bere garaiko artistarik garrantzitsuenetako bat izan zena. 1996an, Nigel Hess konpositore ingelesak, Bedfordshire-ko haur eskolen enkarguz, To the Stars! izeneko abentura musikala idatzi zuen gazte abesbatza eta bandarentzat. Ume batzuek bidaia hasiko dute izarretara, eta handik lurraren arazoak ikusiko dituzte, euren ikuspegi bereziarekin, aurreiritzirik gabe. Obra hau Londresen estreinatu zen, Royal Albert Hall aretoan, Bedfordshire County Music Services-en aurkezpenean.

2013an, Estatu Batuetan bizi den Johan de Meij holandar konpositore ospetsuak bere laugarren sinfonia, Sinfonie der Lieder izenekoa, estreinatu zuen. Partitura hau Sudtirol-eko gazte bandaren enkargua izan zen, Dobiacco-ko Mahler jaialdian (Italia) abesteko. Mahler-rek bere Kindertotenlieder abestiak umeei eskaini zizkien moduan, De Meij-ek sinfonia intimo bat, esperantzaz betea, proposatzen digu; ahotsen abesbatzaz eta bandaz gain, mezzosoprano baten ahots bakarlaria entzun dezakegu hemen.

Obra hau egilearen amaren oroimenez eginda dago. Hauek dira obraren sei mugimenduak eratzen dituzten poemak: Friedrich Rückter-enak lehen hiru mugimenduak (Ume bat desagertu da, Atetik sartzean, Despedida), Heinrich Heine-rena laugarren mugimendua (Bi anaia) eta Hugo von Hofmannsthal-ena azken bi mugimenduak (Udaberriaren hasiera, Arlekinaren abestia). Gabonak datozen honetan, barruan daukagun umea askatu beharra sentitzen dugu denok: inoiz ez desagertzea nahi genuke, denboraren eraginari ihes egin ezin badiogu ere.