BILBO. Otxarkoaga eta Txurdinaga magiaz beteko dira asteburu honetan, Magia Topaketen XV. Edizioari esker. Hemengo eta atzerriko hamabi mago etorriko dira parte hartzeko, Bilboko Udalak jakinarazi duenez. Gainera, beraien ikuskizunak hilaren amaierara arte luzatuko dira.

Egitarauaren barruan Euskadi mailako zenbait estreinaldi, Imanol Ituiño eta D´Albeniz euskal magoen eskutik etorriko diren erabateko bi estreinaldi, magiaren munduan erreferenteak diren emakume magoei eskainitako gala berezia eta, berrikuntza gisa, Otxarkoagako Udaltegiak jasoko duen “Magia, ilusiones y otros fingimientos” erakusketa interaktiboa eskainiko dira. QR kodea duten laminen, argazkien, hologramen, tranpantojoen eta garaiko kartelen bitartez, ibilbidea egingo du ilusionismoaren historia luzetik. Dramagia komisario izango den erakusketa hilabete honetako 7tik 30era bisitatu ahal izango da.

Programazioa asteburu honetan irekiko da, leku kopuru txikiko ikuskizunarekin ?20 pertsona?, Adrián Conde artista argentinarraren “Petite Caravane” karabanaren barruan izango baita. Larunbatean Txurdinagako Garai Lorategietan eta igandean Otxarkoagako Kepa Enbeita plazan instalatuko den antzerki ibiltari txikia. 30 minutuz behin eskainiko dira emanaldiak.

Aurreko edizioetan bezala, egitarauak oreka izango du ikus-entzuleekin harreman zuzena bilatzen duten kanpoko ikuskizunen eta, dituzten konplexutasuna eta ikusgarritasuna direla eta baliabide tekniko gehiago eskatzen duten barruko galen artean. Liburutegiarekin lankidetzan, Otxarkoagako Udaltegiak Hodei Magoaren “Hodei magoaren magia” ikuskizuna jasoko du maiatzaren 9an, euskaraz eta gaztelaniaz. Leku berean, erreferentziazko bi euskal magoren bi ikuskizunen erabateko estreinaldia egingo da.

Horrela, Imanol Ituiñok ?Magia Sari Nazionala 2014?, “Zur eta Lur” aurkeztuko du maiatzaren 14an, historian zeharreko magia jokoak erakusten dituen ikuskizuna, eszenan jartze ganberro, partaide eta umorez betetakoarekin. Maiatzaren 16an D´Albenizen ?Magia Sari Nazionala 2016? txanda izango da, “D´Albeniz Personal” estreinatuz. Mago horrek ilusionismoaren munduan hasi zuen ibilbidea, karten manipulazio teknikak landuz eta ikasiz, eta gaur egun diziplina horretako proiekzio handieneko figuretako bat da.

Euskal magoen partaidetza, ikus-entzuleek aspalditik ezagutzen dituzten bi magoren emanaldiekin osatuko da, Mendebalde urrunean girotutako euskarazko “All Baker´s Saloon” ikuskizuna dakarten Tor eta Txoborro Magoekin. Horrez gain, David Blancok magiaren historiari buruzko hitzaldia emango du, maiatzaren 22an, 19:00etatik aurrera, Otxarkoagako Udaltegian, baita ere.

EMAKUME MAGOEN GALA

Maiatzaren 17an, 19:30ean, programazioko ekitaldi garrantzitsuenetako bat izango dugu, aurtengo Izarren Gala Handia. Aurten, “Emakume Magikoak” izenburupean, ilusionismoaren munduan erreferenteak diren emakumeengan zentratzen da. Txinatik, Perutik eta Kataluniatik etorrita, maila goreneko nazio eta nazioarte mailako 12 sari batzen dituzten Huang Zhen, Gisell eta Niñas del Mago bikotea igoko dira agertokira. Gala horretan Txispik ere hartuko du parte, zeremonia maisu gisa arituz. Gisellek nazioarte mailako hainbat sari ditu, eta “Pura Magia” programako finalista ere izan da; Niñas del Mago Estatuko bikote bakarra da, eta bere estiloa freskoa eta ausarta da. Huang Zhenari dagokionez, ekialdeko magia dotorearekin “Magiaren talentu berriak” lehen saria (Shanghai), Beijingeko Urrezko Domina, Espainiako Manipulazio Lehen Saria, “Mystery Award U.S.A” saria, Parisko “Mandrake d´or” saria eta “Cannes Magic Festival”-eko lehen saria ditu.

Programazioaren barruan aipatzekoak dira Raúl Alegría, Struc eta Héctor San Segundo ilusionistek eskainiko dituzten kanpoko hiru ikuskizun. Kaleko arteen arloan erreferentea den Struc mago katalan beteranoak, umorez betetako “Esto no es magia? o sí” ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 18an. Bertan magia manipulazioarekin, globoflexiarekin eta antzeko beste diziplina batzuekin fusionatzen du. Maiatzaren 24an, Estatu Batuetako agertokietan ohikoa den Raúl Alegría Quimera Zirkuaren zuzendariaren txanda izango da.

Emanaldi ikusgarriena maiatzaren 25ean izango da, Garaiko Lorategien plazan, Héctor San Segundoren eskutik. Ameriketan, Portugalen eta Espainian sariak jaso dituen Héctor San Segundok formatu handiko bere ikuskizun berria estreinatuko du Euskadin. “El último Gran MaJo”, magia show ikaragarria, ikuskizun deliragarri eta dibertigarria, magia zirraragarrienarekin eta umore dotoreenarekin. Magia efektu sinestezinak, aparatu handiekin eta partaidetzan oinarritutako umore magikoarekin uztartzen dira, eszeptikoenak aho zabalik uzteko.

Bosgarren urtez jarraian, Otxarkoagako ? Txurdinagako Magia Topaketek Zaleentzako Magia Lehiaketa antolatu dute. Aukeratutakoek, MAIATZAREN 30ean, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako Udaltegian, egingo den ekitaldian hartuko dute parte. Bertan hiru sari emango zaizkie partaide onenei. Aurten, ekitaldiak lehiaketaren aurreko edizioaren irabazlearen, Xabier Linazasororen, emanaldia ere jasoko du. Ohikoa denez, Otxarkoagako Udaltegiko emanaldi guztiek sarrera librea izango dute, aretoko leku guztiak bete arte.