Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Analitikoko Saileko Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoak Jezero kraterraren oinarriaren konposizioari buruzko informazio garrantzitsua jaso berri du Perseverance roverrak egindako lanari esker.

Gogoratuko duzuenez, 2020ko uztailaren 30ean, Mars2020 misioa abiarazi zuen NASAk. Misio horretan, Perseverance roverra bidali zuten Jezero kraterrera, mikroorganismoen metabolismoarekin lotutako molekula organikoen hondarrak dituzten lurrak esploratzen hasteko asmoz. Ibilgailua 2021eko otsailaren 18an marteratu zen. Lehenengo egunetan, roverraren elementuak egiaztatu zituzten, eta tresnek ondo funtzionatzen zutela ziurtatu ziren. Horrela, apiril erdialdean, ikerketa zientifikoarekin zerikusia zuten lanei ekin ahal izan zieten.

“Datu ugari lortu ditugu SuperCam tresna marteratu zenetik, eta guztiak oso interesgarriak dira”, adierazi du Juan Manuel Madariaga IBeA taldeko ikertzaile nagusiak. Perseverance roverrak bidali duen informazioak zur eta lur utzi du SuperCam tresnaren zientzia talde osoa. AEBetako, Frantziako, Kanadako, Espainiako, Alemaniako eta Danimarkako 100 zientzialarik baino gehiagok osatzen dute taldea, eta egunero jasotzen dituzten datuak lantzen dituzte, aztertutako laginen aurretiko diagnostiko bat egiteko. Diagnostikoa egingo dute, halaber, lagin motaren arabera (arrokak, patinak edo zoldak, zoruak, etab.) multzokatutako datu historikoen gainean eta roverrak, Jezero kraterreko paretetarantz doala, igarotzen dituen tokien gainean. 2023. urtearen erdialdean iritsiko da paretara, eta orduan amaituko da Mars2020 misioa.

SUPERCAM hainbat teknika espektroskopiko erabiltzen dituen tresna bat da: LIBS espektroskopia, 1,5 eta 8 metro artean dauden laginetan elementu kimikoak aurkitzeko eta horiek kuantifikatzeko (44.000 datu baino gehiago daude arroketan, zoruetan eta zoldetan kokatutako 1.450 azterketa puntutan); espektroskopia ikusgai-infragorria (VISIR), elementuen arteko lotura kimikoak aurkitzeko bai roverretik gertu dauden laginetan bai 100 metrora baino gehiagora dauden laginetan (1.550 VISIR espektrotik gora hartu dira 250 laginetatik, gutxienez); Raman espektroskopia, fase mineralak identifikatzeko (100 espektro baino gehiago hartu dira lagin kopuru jakin batetik); eta, azkenik, bereizmen handiko irudi optikoa, neurri espektroskopikoak non egiten diren jakiteko.

ARROKA EZ-SEDIMENTARIOAK 3.300 MILIOI URTEKO PALEOLAKU BATEN OINARRIAN

Misioaren lehen hilabeteetan, SuperCam-eko ikertaldeak kraterraren oinarriaren laginak aztertu ditu. Lursail laua da, eta hainbat motatako arrokak ditu kraterra bete zuen ura (50 kilometroko diametroa zuen laku bat) lehortu ondoren geratu zen zoruan/sedimentuan sartuta. Hau da, 3.300 eta 3.000 milioi urte arteko paleolaku baten oinarriko hondarrak aztertzen aritu dira.

Perseverance roverrak bidalitako datuen arabera, paleolakuaren oinarrian ez dago egitura sedimentariorik. Aldiz, sakabanatuta dauden arrokak orain dauden tokiraino iritsi dira, baina ez dituzte ur korronteek eraman, sumendi erupzioen labak baizik, sumendien higadura prozesuen ondorioz. Orain arte, hiru arroka bolkaniko mota identifikatu dira: lehenengo motakoek feldespato asko dute (% 50 inguru), baita piroxenoak ere, baina ez dute olibinorik (arroka bolkanikoen hiru mineral mota dira); bigarren motakoek piroxeno gehiago dute feldespatoak baino, eta olibino pixka bat; eta hirugarren motakoek olibinoen eta piroxenoen kopuru antzekoa dute, eta feldespato gutxiago. Kasu guztietan, fase mineralen % 5, gutxi gorabehera, burdin eta titanio oxidoak dira.

Aztertutako laginetan aurkitu diren fase mineral ia guztiek erakutsi dute ura eta/edo hidroxiloak zituztela. Beraz, horrek esan nahi du alterazioak gertatu direla ura eta material geologikoak kontaktuan egon zirelako. Hala ere, arroka bolkanikoen alterazio prozesuek ez dute buztinik sortu -ez behintzat Lurrekoa bezalakoa-, aurreko alterazio egoeretan geratu baitira. Aurkikuntza hori ustekabekoa izan da, eta, horren ondorioz, laborategiko zenbait azterlan egingo dira, ulertzeko nola igaro zen jatorrizko fase mineraletatik, bolkanismo gertaeren ostean, aurkitutako lehen alterazio faseetara, filosilikatorik (buztina osatzen duten mineralak) sortu gabe.

Horrez gain, SuperCam Zientzia taldeak gatz hauspeatuak aurkitu ditu aztertutako arroken barruan. Horretarako, roverrak biltzen dituen laginak hartzeko baliatu diren arroken azala zulatu da. Laginok Lurrera ekarriko dira Marteko laginen itzulera misioan. Honako hauek dituzte, gutxienez, gatzek: kaltzio eta magnesio sulfatoak, sodio perkloratoa eta kaltzio fosfatoak. Eta ez da baztertzen bestelako sulfatorik, perkloratorik eta fosfatorik aurkitzea, ez eta sodio eta potasio klorurorik ere.

Paleolakuaren oinarrian egin den hirugarren aurkikuntza zera da: bertako zoruak ez direla Marteko beste toki batzuetan ikertutako zoruak bezalakoak. Izan ere, bere azalean hauspeatu diren gatzek trinkotuta daude, eta hala elkartzen ditu Marteko ohiko zoruak sortzen dituzten konposatu silikatatuen aleak. Esan bezala, zoruen azalean zoldak nola sortu diren ulertzeko, laborategiko saiakuntzak egin beharko dira epe labur edo ertainean.

UPV/EHUko IBeA ikertaldeak, era berean, laborategiko saiakuntza horietan ez ezik, datu espektroskopikoak interpretatzeko lanetan ere parte hartuko du, hari baitagokio arroka bolkanikoen barrualdean eta gatzen zoldek gogortutako zoruetan dauden perkloratoak azaltzeko balio izan dezaketen azterlanak zuzentzea.

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO MARTINA CASIANO IKERKETA ZENTROA, MARTEKO ERAGIKETA ZENTRO BERRIA

UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko IBeA bikaintasun taldeko kideak SuperCam tresnaren zientzia taldeko eta Mars2020 misioko kide ere badira. IBeAk tresna marteratu zenetik hartu du parte haren eragiketetan, nola roverretik datuak deskargatzeko fasean hala hurrengo azterketa aldirako lan aginduak kargatzeko fasean. Hasiera batean, Tolosako (Frantzia) eragiketa zentroan egin ziren lan horiek, bertan eraiki baitziren SuperCam tresnaren zati batzuk. Baina, ekainaren erdialdetik aurrera, Martina Casiano plataforma teknologikoan instalatutako Marteko eragiketa zentroan egiten dira (UPV/EHUko Bizkaiko Campusa). IBeAko kide bakoitza hilean bi egun edo aritu da SuperCam tresnarekin lotutako lanak egiten (lanaldiak arratsaldean hasten dira, eta hurrengo eguneko goizaldean amaitu).

UPV/EHUko Marteko eragiketa zentroak hiru gela ditu: bat, roverreko datuak deskargatzeko lanak kudeatzeko; beste bat, lan aginduak kargatzeko lanetarako; eta, beste bat, IBeAko kideek egiten dituzten ikerlanetako emaitzak, irudiak eta bideoak zabaltzeko. Abenduaren 22an, IBeAko kideek bi erantzukizun izan zituzten aldi berean; batetik, SuperCam tresnak aurreko egunean egin zituen azterketetako datuak jasotzea, eta, bestetik, hurrengo hiru egunetako (abenduaren 23tik 25era) lan aginduak bidaltzea Perseverance roverrera. Abenduaren 22ko (asteazkena) 17:45ean hasi zituzten lanak, eta 23ko (osteguna) 01:00etan amaitu, gutxi gorabehera.