BILBO. Hamar urte pasa dira Laszlo Hanyeczek bitcoin erabiliz bi pizza erosi zituenetik. 10.000 bitcoin ordaindu zituen orduan. Gaur egungo trukea kontuan hartuz gero, bi pizza horiek 83 milioi eurokoak izango lirateke. Orain, hamar urte geroago, Euskal Herriko Unibertsitateak Blockchain Teknologiako eta Kriptoekonomia Berezko Masterra jarri du martxan.

Horrela sortu zen kriptoekonomia, finantza-merkatuak ulertzeko modua irauli duen diziplina, kontu-liburu bat modu deszentralizatuan inplementatzen baitu (banku zentral baten beharrik gabe). Liburu horretan idazten dira transakzioak, bertako kontu-unitate edo token batean oinarrituta, bitcoin delakoa kasu. Hori blockchain teknologiari esker da posible; informazio-blokeak kriptografikoki kateatuta daude P2P protokoloen bidez, segurtasuna bermatzen duten lan-proban oinarritutako adostasun-mekanismoekin.

Gaur egun, proiektu asko daude teknologia horren erabilera zabaltzen saiatzen direnak, haren bi ezaugarri nagusiak, deszentralizazioa eta aldaezintasuna, aprobetxatuz: truke- eta finantza-plataforma deszentralizatuak, aktiboen tokenizazioa, token ez-suntsikorrak, ekoizpen-prozesuen trazabilitatea, erregistro-sistemak, biltegiratze deszentralizatua...

Testuinguru horretan sortu da UPV/EHUko Blockchain Teknologia eta Kriptoekonomia berezko master berria. Graduondokoak ikasleei blockchain teknologiaren oinarriak helaraztea du helburu, baita ezagutza horrek gizartearentzat zein industriarentzat duen balioa ere. Urtebeteko iraupena eta 60 ECTS kreditu ditu masterrak eta Matematika, Fisika, Ingeniaritza, Ekonomia edo antzeko graduen oinarri zientifiko sendoa duten tituludunei zuzenduta dago. Aurez aurreko modalitatean emango da, Zientzia eta Teknologia Fakultatean (Leioa-Erandio eremua), astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 19:00etara, urrian hasita.

Blockchain jakintza-arlo zabalak (kriptografia, banatutako sistemak, jokoen teoria, ekonomia monetarioa, lengoaia eta sistema informatikoak, segurtasun informatikoa, etab.) biltzen dituen diziplina anitzeko teknologia denez, diziplina anitzeko izaera hori islatuko duen programa diseinatzea izan da masterraren erronka nagusia. Horretarako, UPV/EHUko bertako irakasleak eta ikertzaileak ditu, kualifikazio handiko kanpoko profesionalen talde batek indartuta, eta horien artean Kutxabankeko adituak nabarmendu behar dira.

Mugikortasunarekin, analitika aurreratuarekin, biometriarekin, adimen artifizialarekin eta blockchain-arekin zerikusia duten gaietan duten esperientziatik abiatuta, Kutxabankeko zenbait profesionalek masterrarekin lankidetzan jardungo dute, eta eskolak emango dituzte, sektore horri buruz duten ezagutza gerturatzeko; izan ere, sektore horretan teknologo espezializatuen presentzia ia negozio-arlo guztietara hedatzen ari da.

Gainera, eta finantza-erakundeak sustatzen duen tokiko talentua atxikitzearen aldeko apustuari jarraiki, Kutxabankeko profesionalek beren hitzaldietan sortutako baliabide ekonomikoak beka bat sortzera bideratuko dituzte, master berrian izena eman duen pertsona baten matrikula-gastuak ordaintzen laguntzeko.