Harriduraz segitu dut Unibertsitatera Sartzeko Proben inguruabarrean jazotzen ari den guztia. Batetik, azpimarragarria da ikasle batzuek atera duten emaitza, argiro erakuts dezakeena, probara iritsi aurretik, euskararen arloari ez zaiola behar besteko garrantzirik eman, ez beste arlo batzuei eman zaien bezainbeste, familia, ikasle, bai eta ikastetxe batzuen aldetik ere. Bestetik, deigarriak ere badira emaitzak, nagusiki, epaimahai eta aztertzaile jakin batzuen eskuetatik etorri direlako. Azken horrek pentsatzeko modua eman dezake aztertzaile batzuk zorrotzagoak izan direla beste batzuen aldean, bestela, zaila delako jazotakoa ulertzea.

Nago gehiegikeria eta oso arriskutsua dela iradokitzea aztertzaileek eman dituzten emaitzak ikasleen jatorrian dutela oinarria, hainbat, zeharka, adierazten ari diren bezala. Izan ere, probak zuzentzeko orduan, araubideak anonimotasuna gorde beharra ezartzen du, horixe delarik epaileak helduleku gisa baliatu duena. Horrexegatik, kautelazko neurri gisa, ikasle gutxi batzuen kasuan, euskara proban lortutako emaitza, mementoz, kontuan ez hartzea ebatzi du. Azterketaren egunean bertan, zein ondoko egunetan, protagonistetako batzuk, besteak beste, ikasleak, familiak eta abar hedabideen aurrean azaldu dira. Interesa duen orok badaki ikasleak nongoak, zein eredutakoak eta ikastetxetakoak diren. Ateratako emaitzarekin bat ez datorrena edo ateratakoa jaso nahi duena azterketa berrikusia izan dadin eskatzeko edota beste azterketa batera aurkezteko eskubidea dauka. Horixe da ohiko prozedura, euskarari ez ezik gainerako arlo guztiei ere aplikatzen zaiena.

Hortaz, epaileak hartu duen erabakia ezohikoa eta larria iruditzen zait, herritarren, kasu honetan, ikasleen aukera berdintasuna ezerezean lagatzen duelako eta, arlo batean, gutxieneko ezagutzarik frogatu ez duten batzuk besteen aurretik jartzea dakarrelako. Pentsa autu hori gaztelaniari, fisikari, matematikari edo beste jakintza-arlo bati aplikatu bagenio. Polemika, baina, hortxe dago, euskara beheratu nahi dutenen bazkarako zein pozerako! Edozein gisaz, hausnarketa haratago eraman beharko genukeela iruditzen zait. Gure artean, hizkuntzen eskuratze prozesua nola jazotzen ari den, jakintza-arlo bakoitzean hizkuntzek zein eginkizun jokatzen duten, helburuak eta ebaluazioa zertan diren… eta, hausnarketa hau, hasierako mailetatik unibertsitatera egitea komeni da, guztietan, badugulako zer pentsatu eta zer bideratu.