XX. mendeko margolan gutxik dute Picassoren margolanak izan duen tamainako sonarik eta eraginik. Artelanaren izenak Gernikako bonbardaketa jorratzen du zuzen-zuzenean eta II. Errepublikaren Gobernuaren enkarguz egin zen. Besteak beste, Espainiako Gerra Zibilaren inguruabarrean, Errepublika aldezteko, Europan Errepublikaren aldeko sentiberatasuna sustatzeko, bai eta, gerraren izugarrikeriak munduaren aurrean agerrarazteko ere. Mihisea Parisen, Espainiaren pabiloian, erakutsi zen lehenengo aldiz, 1937an.
1940. urtean, Espainian Francoren diktadura ezarrita zegoela, Picassok New Yorken dagoen arte garaikideko museoak zaintzea deliberatu zuen, bai eta ezarri ere, Errepublika bueltatu ostean, koadroak Espainiara itzuli behar zuela.
Denboraren poderioz, 1981. urtean itzuli zen koadroa Espainiara, El Prado museoak kudeatzen zuen espazio batera, eta gero, 11 urte geroago, Reina Sofia museoan amaitu zuen. Ez da sinesgarria museo entzutetsuen eskuetan egon den margolan bat New Yorketik Madrilera baino ibilbide laburragoa egiteko moduan ez egotea. Iduri du, tartean, interesak badaudela, besteak beste, margolana erakusten duen museotik hasita, eta, Reina Sofiaren jarrera aitzakia moduan erabiltzen ari direla, borondate politikorik eza nabarmenegi gera ez dadin. Koadro horrek izan duen jatorria eta ibilbidea aintzat hartuta, ematen du zentzuzkoa eta zuzena dela Euskal Herrira ekartzea. Eta badira moduak, erakundeak, tokiak, eta prestakuntza handiko teknikariak lekualdatzea arazorik gabe kudea dezaketenak.
Bidezkoa da, bai! Koadroak gerraren izugarrikeriak agerian jartzen dituelako, nabarmen salatzen dituelako eta, hiri baten txikizioa, Gernikarena, duelako abiaburu gisa. Egia da hamaikatxo herri eta hiri bonbardatu zituztena, baina Gernika izan zen lehenengoa, makina bat bonba jaurtiz, babesgabe zegoen biztanleria eta hiria suntsitzea helburu zitala izan zuena.
Seguraski, Gernikak euskal herritarrontzat zuen eta egun duen balio sinbolikoagatik behar zen birrindu, erabat desagerrarazi. Alabaina, bonbardaketaren erantzuleak izugarrikeriak munduan izan zuen oihartzunaz, errua besteri egozten ahalegindu ziren gogotik, gezurrak lau haizetara nonahi barreiatuz.
Datorren urtean beteko dira 90 urte Gernika bonbardatu zutela. Aukera baliatu beharko litzateke zorrak zelanbait kitatzen hasteko, eta bidenabar, egia, justizia eta erreparazioan sakontzeko. Borondatea baino ez da behar, gainerako guztiak estakuruak eta aitzakia merkeak direlako.